Datorren urteko aurrekontuak osatzeko, zergak eta tasak berrikusiko dituela azaldu dute udal gobernuko Ibai Iriarte, Inaki Irazabalbeitia eta Lore Agirrek. Izaera sozialari eutsiko diotela nabarmendu dute, eta beraz, «gehien duenak gehiago lagundu beharko» duela azaldu dute.
«Herritarrek udalaren ekonomia eta finantza egoeraren jakitun izan behar dute», hala azaldu zuen Iriarte alkateak. Horrela beraz, eta «bereziki krisi egoera honetan», ezinbestekotzat jo dute Bildu eta Aralarrek osatutako udal gobernuko kideek, herritarrek eurek aurrekontuen osaketan parte hartzea.
Proposamen hau bermatze aldera, beraz, datorren urriaren 3rako antolatu duten lehen herri batzarra, 20:00etan, Topic zentroko aretoan. Herritarrei informazioa helarazi eta euren ekarpenak jasotzea izango da bilkurako funtsa. Bide beretik, ordenantza fiskalen eztabaida eta berrestea ere herritarrekin elkarlanean egitea proposatu du Bildu-Aralarren udal gobernuak, eta datorren urriaren 23ko batzarrean egingo dute hori.
Aurrekontua «kontrolpean»
Lore Agirre Tolosako Udaleko Ogasun Saileko zinegotziak, 2012ko aurrekontua «erabat kontrolpean» izan eta mantentzea lortu dutela nabarmendu du, horrek, Iriarte alkatearen arabera, «egunero-egunero udalaren kontuak begiratzea ekarri badu ere».
Iaz, murrizketak saihestea eta gastu sozialari eustea helburu moduan zehaztu zuten, eta Lore Agirrek, lortu dutela nabarmendu du; aurtengo diru-sarrera arruntek, beraz, gastu arruntari aurre egingo diote.
Hala ere, 2012ko aurrekontua negatiboa izango da Tolosako Udalean (2.626.698 euro). Honi dagokionez, udal gobernuak bereziki azpimarratu nahi izan ditu Elosegi parkeko eta Sana Luzia auzoko lursailen desjabetzeak; Ibai Iriartek gogora ekarri nahi izan die herritarrei, «Elosegi parkearena 1989az geroztik datorren kontua dela, eta behartuta gaudela zor hori ordaintzera, auzitegiko epaiak hala esanda».
Bilduk eta Aralarrek osatutako udal gobernuko kideek, 2013. urterako aurrekontu aurreikuspenak ere ezagutarazi zituzten, aurrezki garbia negatiboa izango dela azalduz.
Besteak beste, udal zerga eta tasa guztietan aplikatuko duten KPIaren igoera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpeneko %5eko jaitsiera izan dira, datorren urteko aurrekonturako irizpide nagusiak. Horrela beraz, diru sarrera gutxiago izango lituzke Tolosako Udalak, 2013ari aurre egiteko.
Gastuei dagokienez, berriz, hauek murriztea aurreikusi duten arren, aurrekontuaren emaitza defizitarioa dela azpimarratu du Lore Agirre zinegotziak (2.119.474 euro): «Egoera honetan, diru sarrera arruntekin gastu arruntei aurre egiteko ez gara gai izango».
Irizpide sozialeko neurriak
Egoera honen aurrean, zenbait neurri aurkeztu ditu udal gobernuak, «betiere murrizketak saihestuz eta eskubide sozialak bermatuz». Neurrietan nabarmenena, Tolosako Udalaren ohiko diru-sarrera propioak handitzearena izango da, eta horretarako, udal zergak nahiz tasak berrikustea proposatu dute.
Neurri honek «herritar guztiei ahalegin berezia» eskatuko dietela jakitun, zerga eta tasen igoerarako irizpidea soziala izango da. Horrela beraz, errentarik altuenak dituztenek gehiago ordaindu beharko dute, errenta baxuagoak dituzten tolosarrek baino. Hau dela eta, Bilduk eta Aralarrek, ondasun higiezinen gaineko zergak, plusbalioak eta jarduera ekonomikoaren gaineko zergak gainbegiratzea proposatu dute.
Bestalde, udalaren ezohiko diru-sarrerak handitzearena ere proposaturiko aukeretako bat da, eta hemen, udalaren ondasunak saltzea proposatu dute, Kondeaneko Aldapako orubea, kasu. Neurri hauekin guztiekin, 2.119.474 euroko zorra 567.996 eurora jaistea espero dute.
Ondare «negargarria»
Ibai Iriarte alkateak, egoera honen irakurketa politikoa egin zuen, eta, besteak beste, udal gobernuak «ondare ekonomiko negargarria» jaso duela nabarmendu zuen.
Honen harira, 2003 eta 2011 arteko bi legealdietako zenbait datu eskaini zituen. Udalaren funtzionamendu gastuak %57,41 igo zirela azpimarratu zuen eta, aldiz, epealdi berean, diru-sarrera arruntak %32,65 igo zirela. Honenbestez, Tolosako Udalaren zor bizia 30 aldiz handitu dela nabarmendu nahi izan zuen alkateak.
Ondare ekonomiko honen aurrean EAJko udal taldeak hartutako jarrera «arduragabetzat» jo dute udal gobernuko kideek, eta «mingarria» suertatu zaie: «Zenbakiak gorriak dira; datuek erakusten dute zein den egoera, eta dirua da falta dena, ez ideiak».
Aurrekontua
-2 milioi
-2.119.474 euro. 2013. urterako aurrekontu aurreikuspenak defizitarioak dira, eta zinegotziek azaldu dutenez, «neurririk hartzen ez bada», udalak ezingo dio urteari aurre egin.
Neurriak
Udal zergak eta tasak berrikusi. Herritarren errentaren araberakoa izango da igoera. OHZ, plusbalioak eta JEZ berrikusiko dituzte.
Udalarenak diren ondasunak saltzea. Higiezinak lehenetsiko dituzte, adibidez, Kondeaneko aldapako orubea.