Tolosaldeko bizikleta planak bizikletaren eguneroko erabilera du helburu

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko irailaren 21a

Gaur aurkeztu dute, eskualdeko bizikleta sarea osatzeko egitasmoa

Bizikleta eguneroko garraiobide bihurtzea da proiektuaren helburu nagusia. Asier Irzustak burutu du, eta besteak beste, Tolosaldeko orografia "oso egokia" dela azaldu du, bizikletan joan-etorriak egiteko.

Horrela beraz, mugikortasunaren, ingurumenaren nahiz osasunaren aldeko apustu garbia izateaz gain, Irzustaren arabera baliabide ekonomikoa ere izan daiteke bizikletaren erabilera sustatzearena. Gainera, eskualdeko herritarrek eskaera asko egin dituztela nabarmendu du: "Azpiegiturak eskaintzen direnean, jendeak erabili egiten ditu".

Ibai Iriarte alkateak, filosofia aldaketa izan du hizpide: "Autoak ustez eman dezakeen kategoria hori buruan izan dugu urteetan zehar, eta horrek aldatu egin behar du". Bide horretan, udala buru-belarri dabil, hirigunea 30 km/ordu eremua bilakatze horretan, eta "bidegorri gehiago egin beharrean, autoei mugak jartzea" da jomuga, Iriartek azaldu duenez: "Gizarteak kontzientziazioa badu, eta baliabideak badaude".Honenbestez, oinezko eta bizikletentzako lehentasunezko gune bilakatu nahi dituzte herriko kaleak.

Ikasleen proposamenak

Tolosako ikastetxeetako gaztetxoek Trianguloa plazan izan dute gaur irakasgaia; bizikletan joan dira guztiak bertara, Mugikortasun astearen harira, eta Tolosaldeko bizikleta sarearen plana azaltzeaz gain, udaltzain batek zenbait aholku eta argibide eman dizkie, eta txokolate beroa dastatzeko aukera izan dute jarraian.

Ikasle bakoitzak, Tolosako mugikortasuna hobetzeko proposamenak egiteko aukera izan du, papertxoa buzoira botaz, eta bizikleta dena batean erabiltzeko 50 euroko txartelaren zozketan sartu dira horrela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!