Manu Urangak lehen saria jaso du, eta tailerrean amaituko du, gerora kalean jarriko duen eskultura
Eskultura eta esku-hartze artistikoaren I. Simposiumeko saridunetako batzuk kaleak ariko dira aste honetan, beren sorkuntza lanak gauzatzen.
Nestor Basterretxeak, Nisa Goiburuk, Iñaki Epeldek, Jose Ramon Andak, Charo Otegik, Asier Mendizabalek, Peio Agirrek eta Pello Irazuk osatutako epaimahaiak, Manu Uranga zumaiarraren proiektuari eman dio lehiaketako lehen saria. Uranga tailerrean ari da maketan proposatutakoa fisikoki gauzatzen, eta eskultura iraunkorra izango da Tolosako espazio publikoren batean.
Bigarren eta hirugarren sariak, berriz, Daniel Merak eta Elena Aitzkoak jaso dituzte, hurrenez hurren, eta eskultura iragankorrak egingo dituzte bi artistek aste honetan bertan.
Herritarrekin elkarrenkintzan
Estolda arteko lerroak proiektuak jaso du simposiumeko lehen saria. Manu Uranga egileak bere lan batek espazio publiko bat hartuko zuenik ez zuela sekula pentsatuko azaldu du: «Lan egiteko modua aldatu dit eskulturaren kokapenak, baina benetan interesgarria iruditu zait, etengabeko hartuemana baita herriarekin eta gizartearekin».
Artista zumaiarrak zehaztu duenez, eskultura bere azken fasera iristen ari da. Hasiera batean, bozetoa abiapuntu gisa erabili zuen Urangak, eta geroztik zenbait gauza aldatu behar izan ditu: «Hasiera batean, Tolosako kaleetako estolden tapak erabili nahi nituen, herri bakoitzak hain bereizgarriak dituen armarriekin, eta tolosarrek hainbat urtetan zehar zapaldutakoekin. Hau ez da posible izan, eta estolda berriak erosi behar izan ditut azkenean».
Eskultoreak, ordea, aldaketa hauek gaitz bezala hartu beharrean, baliabide gisa ikusi ditu tailerrean.
Tolosako Alde Zaharraren irakurketa historiko bat egin nahian, arkitekturaren ikuspuntutik interesgarriak iruditu zaizkion guneekin bilduma moduko bat osatuko du alde batetik. Era berean, eskultura bera izango da proiektuaren bigarren zatia, eta Tolosako hirigintzari zuzen-zuzenean eragingo dionez, lanaren kokalekua erabakitzeko ideia bat baino gehiago dituela azaldu du: «Gero ikusi egin behar da herritarrei nola eragiten dien eskulturak». Nisa Goiburuk eskulturaren kokalekua aste honetan bertan erabakiko dutela nabarmendu du.
Etorri eta joaten den eskultura
Ura izenburupean gauzatuko du, Daniel Mera donostiarrak, Tolosako espazio publikoetarako egindako proiektua.
Finean, artistak Oria ibaitik jasotako ur kantitate jakin bat leku batetik bestera eramatea da egitasmoaren muina; Merak, Trianguloa plazatik Zerkausi gaineko terrazara eramango du ura.
Uraren lekualdatze hau etengabekoa izango da, eta bi ur bonba, bi energia sorgailu eta PVC materialez egindako hodi gardenak erabiliko ditu horretarako.
Hasiera-hasieratik, eskultura iragankorra izateko ideiarekin hasi zen lanean artista, eta oinarrian, Pablo Gorosabel edo Rondilla kalearen bilakabide historikoa izan du Daniel Merak: «Erdi Aroan, Erretengibel izeneko ibaixka pasatzen zen, gaur egun Rondilla kalea dagoen lekutik, eta ibai honek harresidun hiribildua babesten zuen. Herriaren eraldaketak, ordea, ibaixka desagertarazi eta bere lekuan gaur egun dagoen kalea sortzea ekarri zuen», azaldu du Merak.
Honela, beraz, Erretengibel ibaixka sinbolotzat hartu du eskultoreak, hiria nola eraldatu den adierazteko. Bide beretik, Trianguloa plazak duen malda metafora gisa erabili nahi izan du bigarren saria jaso duen proiektuaren egileak: «Erretengibel ibaixka zenaren eraginez du malda hori plazak, eta beraz, jada hor ez dagoen zerbaiten sinbolo bezala erabili nahi izan dut».
Aste honetan hasi eta bukatuko du proiektua Merak, eta gaur bertan, PVC hodiak jarriko ditu. Bihar eta ostegunean, berriz, ur bonbak nahiz urak egingo duen ibilbide osoaren azken zehaztapenak frogatuko dituzte, eta azkenik, ostirala eta larunbata izango dira, egitasmoa bera gauzatuta ikusi ahal izateko egunak.
Uraren inguruan sortutako egitasmo honez gain, ordea, beste eskultura iragankor baten lekuko izango dira Tolosako kaleak; hirugarren saria jaso duen Harrikumeak proiektuarekin ariko da, Elena Aitzkoa artista.
Lurra izango da Aitzkoaren piezen erakustoki, eta Alondegia plaza aukeratu zuen arabarrak, bere proiektua gauzatzeko: «Oso erdigunean dagoen plaza da, baina ez du beste eremu batzuek duten garrantzia historikoa. Eraikin eta gune historiko garrantzitsuz inguratuta dago, baina lekua bera beti egon da atzean, gordeta bezala».
Horrela beraz, espazioaren izaera honek eraginda, eta Alondegiko plaza «oso leku irekia» dela probestuz, aste osoan zehar ariko da Elena Aitzkoa, bere lana gauzatzen.
Egitasmoaren ideia tailerrean sortu zitzaion arren, gerora zenbait aldaketa egin behar izan ditu, materiala kanpoko egoeretara egokitzeko. Honen harira, Tolosako ikastetxe guztietako gaztetxoei deialdia egin die Elena Aitzkoak, bere eskultura iragankorrean parte har dezaten: «Askotariko materiala ekartzeko eskatu diet, beraientzat kuttuna den zerbait, etxean duten zerbait, edozer. Eurek ekarritakoa lurrean jarriko ditudan piezetan txertatuko dut, eta horrela, plazara etortzen direnero ikusi ahal izango dute, beren zatitxo bat ere bertan dagoela».
Horrela beraz, eta Alondegiko plaza biziberritzeko bide horretan, hirugarren saria jaso duen Harrikumeak proiektua ez da aste betez soilik ikusgai izango, Elena Aitzkoa egilearen eta Nisa Goibururen arabera. «Egitasmoa sortu nuenean, iragankortasun horri ez nion garrantziarik eman, eta herriko gaztetxoekin elkarlanean egingo dudanez, udalarekin eta antolatzaileekin zehaztu dugu proiektuak kalean pasako duen denbora», azaldu du Aitzkoak.