Tolosako bezeroek eurek aukeratuko dute aurten, Komertziorik Atseginenaren V. Lehiaketa. Tolosa & Cok merkatari eta erosleen arteko harremana gertuagokoa izan dadin aldatu du lehiaketa, eta orain arte merkatarien artean bozkatzen zutena, herritarrei zabaldu diete estreinakoz.
Juanjo Ruiz merkatariak krisi ekonomikoaren egoera nabarmendu du: «Egoera honek komertzioaren dotoretasuna azpimarratzeko beharra sortzen digu, eta era berean, merkatarion kemena eta gogoa ere agerian jartzea».
Horrela beraz, Tolosako merkataritzaren aurpegirik atseginena erakusteko helburuz, datorren urriaren 26rako gala berezia prestatu du Tolosa & Co elkarteak, Leidor aretoan.
Iker Galartza tolosarrak gidari lanak egingo ditu ekitaldian, eta merkataritzaz haratago, musika eta dantzaz gozatu ahal izango da emanaldian: Elena Arandiak abestuko du, Juantxo Zeberio arduratuko da musikaz, kultur etxeko dantza tailerra eta Udaberri dantza taldea oholtzara igoko dira, eta Tolosako Otxotea ere kantuan ariko da. Saioa, oso-osorik, 28 Kanalak grabatuko du.
Bertaratu nahi duten herritarrek, herriko komertzioetan banatuko dituzten gonbidapenak eskuratu beharko dituzte; denda bakoitzak bi gonbidapen izango ditu, eta bozka ematen dutenen artean zozketatuko dituzte sarrerak.
Bezeroen errekonozimendua
Aurreko lau urteetan, Tolosa & Co elkarteko kideen artean aukeratzen zuten Tolosako komertziorik atseginena. Aurten, ordea, bezeroek hartu beharko dute erabakia.
Ixabel Mandiolak azaldu duenez, dendetan eskuragarri izango dira botoa emateko paperak, eta bezero bakoitzak behin bakarrik eman ahal izango du bozka; datuak zehaztu beharko dira horretarako.
Irabazle suertatzen den komertzioko jabeak diploma jasoko du, eta Tolosa & Co elkarteko 2013ko kuota ez du ordaindu beharko.
Era berean, bezero parte hartzaileen artean otordu bat zozketatuko dute, eta galan jakinaraziko dute irabazlearen izena.