DYAk Osasun eta Istripuen Prebentzio Astea antolatu du Tolosan, eta doako hitzaldi eta tailerrak eskaintzen ari da Larramendi auzoko egoitzan, 19:00etatik 21:00etara.
Arantzazu Lersundi DYAko Boluntariotzaren Arreta Saileko arduraduna da, eta larunbatera bitarte, Osasun eta Istripuen Prebentzio Astearen barruan Tolosan eskainiko dituzten doako saioei buruz aritu da.
2009. urtean hasi zen DYA herritarrei zuzenduriko proiektu honekin. Zein izan zen abiapuntua?
Besteak beste, jendeari erakustea da helburua. Askotan hitz egiten dugu larrialdiez edo istripuez, eta beti pentsatzen dugu medikuek, erizainek edo karrera profesionalen bat dutenek bakarrik egin dezaketela zerbait horrelako egoeretan. Baina norberaren etxetik ere, erizain edo mediku izan gabe, herritarrek ere badute aukera egoera bakoitzaren aurrean zer egin behar den eta zer ez erabakitzeko. Horrela beraz, larrialdien mundu hau herritarrei hurbiltzea da nahia.
Herritarrek, oro har, jakintza mota honen falta dutela somatzen al duzue?
Bai, bai. Horrelako kontuak, askotan, tradiziozko ohiturekin edo ahoz ahoko erremedioekin konpontzen saiatzen gara; sendabide hauetako asko, jada ez dira erabiltzen, edo ez dira egokienak, ordea. Esaterako, ezaguna da erredura bat dugunean hortzetako pasta erabiltzea; hau ez da egin behar. Beraz, azken finean, ikastaro eta hitzaldi hauen bitartez gauza arruntak irakasten dizkiegu bertaratuei. Oso kontu orokorrak izaten dira, baina etxerako, adineko pertsonekin nahiz haurrekin daudenentzako oso erabilgarriak, edozein istripu gertatzen dela ere.
Eta zein publiko mota izaten da horrelako egitasmoetan?
Denetarik izaten da. Alde batetik, jende gaztea bertaratzen da, boluntario sartu nahi izaten dutelako, edo aisialdi taldeetan-eta haurrekin ariko direlako. Era berean, adineko pertsonek ere ematen dute izena, besteak beste bihotzaren zaintzaren inguruko kontuez aritzen garelako. Eta azkenik, guraso diren gizon eta emakumeak ere ohiko publikoa izaten dira, haurrak dituztelako batzuk, edo eskoletan lan egiten dutelako. Beraz, askotariko jendea izaten da.
Prebentzioa bereziki nabarmendu duzue tailerren aurkezpenean. Orain arte antolatutako saioetan ere garrantzia eman al diozue horri?
Guk betidanik lehen sorospeneko ikastaroa antolatu izan dugu, eta saio hauetan, zerbait gertatu ondoren egin beharrekoa lantzen dugu. Ordea, ezbeharrak gertatu baino lehen, zenbait neurri ere har daitezke: etxean gauzak leku egokietan uztea, janaria modu jakin batean prestatzea, eta abar. Beraz, aste honetarako antolatu ditugun saioetan, hitzaldi eta tailerren bidez aholkuak eskainiko ditugu.
Prebentzioa zaintze horretan, zein esparrutan ariko zarete egunez egun?
Bi atal bereizi ditugu: ostiralera bitarte, hitzaldiak eta tailerrak izango dira. Astelehenean ohiko larrialdiak landu zituzten; esaterako, kalean norbaiti zerbait gertatuz gero, laguntzeko zer egin daitekeen. Atzo, berriz, lotailuen tailerra izan zen. Gaur, etxean gerta daitezke istripuak saihesteko bideak izango dira hizpide, eta bihar bihotz-biriken suspertze tailerra izango da. Azkenik, hitzaldia izango da ostiralean: bihotza nola zaindu, zer den onuragarria, zer den kaltegarria, eta abar.
Larunbateko saioa izango da bereziena, beraz.
Bai. Moto istripu bat itxuratuko dute kalean. Bertan zaurituak, anbulantzia nahiz boluntarioak izaten dira, eta jendeak kasu horietan egiten dena ikusten du modu honetara. Moto istripua aukeratzen dugu, izan ere, kaskoa ondo kentzearen garrantzia, eta edonork ezin duela kendu helarazi nahi izaten dugu.