Datorren irailaren 15ean izango da jaialdia, eta Berri Txarrak talde nafarra izango da kartel burua
Bonberenea Sutan jaialdia 2008an lehenengoz antolatu zutenez geroztik, hirugarrenez ospatuko dute aurten jaialdia, datorren irailaren 15ean. Eskainiko dituzten kontzertuetarako sarrerak, abuztuaren 1etik aurrera eskatu ahal izango dira.
Urte osoan zehar, zuzeneko musika emanaldiek tarte nabarmena izaten dute Bonbereneako jardueren agendan. Magnetofono, kasete, disko biragailu, CD nahiz MP3aren bidez norberak etxean behin eta berriro entzundako abestiak bestelako dimentsio batean gozatzeko aukera hori, beraz, ostiral eta larunbateroko eskaintzatik haratago joango da irailaren 15ean, punta puntako bost talderen emanaldiekin.
Euskal musikariak nagusi
Aurreko bi jaialdietan bezalaxe, irailaren 15ean ere, euskal musikak tarte nabarmena izango du Bonbereneako futbol zelaian, Andaluziako musikarekin batera.
19:30ean irekiko dituzte ateak, eta emanaldiak 20:00etan hasiko dira.
Diska argitaratu berri duen Glaukoma talde tolosarrak abiaraziko du 2012ko Bonberenea Sutan jaialdia, euren rap-reggae doinuekin.
Matxuraren txanda izango da jarraian. Euskal Herriko zenbait talde entzutetsutako musikari bildu, eta elkarrekin gauzatutako proiektua da Matxura. Rock doinuak nagusituko dira eurekin, kaosa eta sinkronizazioa uztartuz, eta iaz Bonberenea ekintzak zigiluarekin argitaraturiko diskoa izango dute hari nagusia.
Jaialdiko kartel-burua Berri Txarrak talde nafarra izango da. Pasa den otsailean izan zen, azkenekoz, Gorka Urbizuren hirukotea Bonberenean, eta datorren irailaren 15ean ere, Haria zazpigarren lanaz gain, beren ibilbideko hainbat kantu eskainiko dituzte.
Laugarren kontzertuak rocka eta indie-a ekarriko du, Jerez de la Frontera-ko (Cadiz, Espainia) G.A.S. Drummers taldearen eskutik. Hamarkada bat baino gehiago daramate musikaren munduan, eta antolatzaileen arabera, jaialdian ezustea eman dezakeen taldea da andaluziarra.
Azkenik, Bonberenea Sutan 2012 borobildu, eta behar bezala amaitzeko, trikiti doinurik tradizionalenak gitarra eta erritmo elektronikoekin uztartuko ditu Gose taldeak.
Aipatzekoa da, Bonberenea etxe barruan Olarius & Brothers Rock DJak ariko direla, eta bokadiloak ere salgai jarriko dituztela bertaratzen diren guztientzat.
Sarrerak salgai abuztuan
Datorren abuztuaren 1etik aurrera, sarrerak eskuratzeko aukera izango da, 15 euroren truke.
Antolatzaileek bi bide eskainiko dituzte horretarako. Batetik, internet bidez eskatu ahal izango dira, sarrerak@bonberenea.com helbidera mezu elektronikoa idatzita. Era berean, Tolosan bertan zenbait salmenta puntu jarriko dituzte, tabernetan: Eguzki, Orbela, Denak eta Meskal.