Euskal Herri osoko dantzak eskainiko ditu Valladoliden, Udaberri dantza taldeak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko uztailaren 26a

Elkartrukea egingo du dantza talde tolosarrak, eta datorren urrian etorriko dira gaztelarrak eskualdera

Bizkaia, Gipuzkoa nahiz Zuberoako doinu, pauso eta jantziak oholtza gainean jarriko ditu Tolosako Udaberri dantza taldeak asteburu honetan, La Seca-ko (Valladolid, Espainia) dantzen topaketan. Dantza talde tolosarrak elkartrukea antolatu du Grupo de danzas Villa de La Seca-rekin, eta Gaztela eta Leongo paraje nahiz kultura ezagutzeko aukera izango dute, bihartik igandera bitarte.

Bihar arratsaldean Tolosatik abiatuko dira, eta gauerdian iritsiko dira hara. Larunbat iluntzean izango da emanaldia, eta bertako dantza taldearekin batera ariko dira.

Udaberrik bi zatitan banatuko du emanaldia, eta Euskal Herriko hainbat txokotako pausoak ikusgai izango dira La Seca-ko plazan. Hasteko, Gipuzkoako dantzei eskainiko diete lehen zatia: Agurra, Ormatxulo eta Punta-motz soinu zaharrak, Ezpata dantza, Uztai txiki dantza, Belauntxigo, eta azkenik, Fandangoa eta Arin-arina.

Jarraian, bertako dantzariek Gaztela eta Leongo dantzak eskainiko dituzte, Udaberriko kideek dantza bizkaitar eta zuberotarrekin emanaldia amaitzeko. Modu honetara, beraz, Ikurrin dantzarekin hasi, eta Zortzinangoa, Banangoa nahiz Txakarrankua etorriko dira segidan ikusleen gozamenerako.

Emanaldiko unerik ikusgarrienetarikoa Lekeitioko Kaxarrankarekin iritsiko da, eta sardineren dantza eskainiko dute gero. Azkenik, Zuberoara salto egin, eta bertako maskaradako zenbait zati eskainiko dituzte dantzari tolosarrek.

Elkartrukearen bigarren zatia datorren urriaren 26tik 28ra izango da, orduan etorriko baitira dantzari gaztelarrak Tolosara.

Gaztetxoenak ere dantzan

Pasa den maiatzean abiarazi zuten, Udaberri dantza taldeko kideek, datorren ikasturteko dantza ikastaroen antolakuntza, ikastetxe eta eraikin publikoetara esku-orriak eramanez.

Azken urteotan bezala, www.udaberri.com webgunetik izena emateko aukera eskaini du taldeak. Hala ere, datorren irailaren 6an eta 7an, Antonio Maria Labaien kultur etxean izen-emate mahaia jarriko dute, dantza taldeko ikastaroetan izena eman nahi dutenentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!