Manu Uranga: "Tolosak eskultura publikoa berritzeko asmoa zuela sumatzen nuen"

Imanol Garcia Landa 2012ko uztailaren 25a

Tolosako Eskulturastea lehiaketaren lehen saria jaso du Manu Urangak (Zumaia, 1980) Estolda arteko lerroak izeneko lanarengatik. Batez ere eskulturak eta bideoak lantzen dituen artistak bi fase izango dituen lana aurkeztu zuen lehiaketara. Alde batetik, herriko zenbait estoldari buruzko gida osatuko duen argitalpena, eta, bestetik, estoldak erabiliz osatuko duen eskultura.Urangak azaldu duenez, "oso tentagarria da espazio publikoetan esku hartze publikoak egitea, eta Tolosak eskultura publikoari buelta bat emateko gogoa zuela sumatzen nuen, bazuela berritzeko asmoa egungo beharrei erantzunez".

Tolosako Alde Zaharreko "kontzeptualki eta estekikoki interesgarrienak" liratekeen estoldak aukeratuko ditu Urangak: "Estolda horiek heraldika edo ezkutu antzeko batzuk dituzte, eta nolabait herriko memoria historikoa hurbiltzen dute, udalarekin edo herriko familiekin lotura dutelako". Ikerketa bat egingo du estolda horien inguruan eta idazle bati gonbitea egingo dio herriko familiei buruzko istorioak osatzeko. Hortik argitalpen bat sortuko da, gida moduko bat, estoldak kontuan izanik herriari bisita egiteko.

Eskulturari dagokionez, estolden azpiko urbanizazio mapak hartuko ditu Urangak obrari itxura ematen laguntzeko: "Pieza bat izango da, baina oraindik ez dakit nolako forma izango duen". Estoldak hartuko ditu, ez daki oraindik kopuru zehatza, eta horiek manipulatu egingo ditu: "Beroaren eraginez urtu egingo ditut. Estoldan ageri diren sinboloak hein batean urtzen joango dira, eta estoldak beraiek ere moldatzen joango dira. Azken finean, altzari urbanoaz jabetu beste eginkizun eta nahi batzuk bilatzeko, eta azkenean 'sinbolo' bilakatu dadin".

Eskulturastea, Eskulturaren eta Esku Hartze Artistikoaren I. Sinposioa, irailaren 1oetik 15era bitartean izango da. Mahai inguruak, hitzaldiak eta jardunaldi pedagogikoak izango dira. Bestalde, lehiaketako lehen sarituek beraien obra aste horretan zehar gauzatuko dute eta irailaren 15ean egingo da sari banaketa. Manu Urangak jaso du lehen saria, Daniel Merak bigarrena Ura lanarekin eta Elena Aitzkoak hirugarrena Harrikumeak obrarekin. Epaimahaiak bi accesit ematea erabaki du, aurkeztu diren obren kalitatea ikusita; Jon Otamendik RC Idiaquez lanarekin eta Miren Arenzana Love obrarekin jaso dituzte accesitak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!