Ostiralean bukatu zen Tolosa CFk antolatzen duen 44. Paleta Txapelketa. Oterminek eta Errastik osaturiko bikoteak irabazi zuen txapelketa, Apeztegia eta Maizari finala irabazi ostean.
Erraztasunez nagusitu ziren irabazleak finalera ailegatu zen bikote aurkariaren aurka. Otermin-Errastik hasieratik hartu zuten aurrea, eta Apeztegia-Maizak ez zuten tantoak egiterakoan asmatu. Aipagarria da txapeldunak finalaurrekoa galtzekotan ere egon zirela, eta azkenean finalera iritsi eta txapela janztea lortu dutela.
Bestalde, hirugarren eta laugarren postuei dagokienez, Ormazabal eta Muñoak osaturiko bikoa sailkatu da hirugarrenean, Karrera-Izagirreri 30-22 irabazi ostean.
Antolatzaileak «oso gustura» daude aurtengo txapelketarekin, «guztia espero bezala» joan baita, eta «giro polita» sortu baita. Bestalde, eskerrak eman nahi izan dizkie Udalatx garaikurrei eta Zabaleta iturgintzari, «euren laguntzarik gabe ezingo litzatekeelako txapelketarik antolatu».
Txapelketaren jarraipena
Uztailaren 6an hasi zen Paleta Txapelketa, eta guztira bederatzi bikote aritu dira lehian, Berazubi estadioko frontoian. Bada, txapelketa hori bukatu den arren, frontoi berezi horretan jarraitu egingo dute paleta partidek, izan ere, Txapelaren Oroigarrizko Txapelketa egingo dute aste honetan. Txapelketa horretan Paleta Txapelketan parte hartzen duten pilotariak lehiatzen dira, baina bikoteetako kideak aldatzen dituzte. Hain zuzen ere, Paleta Txapelketaren ondoren egiten duten afarian erabakitzen dituzte kanporaketak.
Atzo jokatu zituzten txapelketa horretako lehen partidak, eta bihar jokatuko dituzte finalaurrekoak. Kanporaketa sistema erabiliko dute, eta horrela iritsiko dira bi bikote ostiraleko finalera. 18:30ean hasiko dira partida guztiak.