«Punturik ez galtzen» saiatuko da Tolosa-Getariako trainerua

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko uztailaren 20a

Ribamontan al Mar-en (Kantabria, Espainia) eta Pasaian hitzordu bana izango du, asteburuan, Tolosa-Getariako traineruak, Euskotren ligan «punturik ez galtzeko».

Pasa den asteburuan ligako sailkapen estropada jokatu zuten gainerako traineruek, eta modu honetara, San Juan, Zumaia eta Galizia izango dira aurten, Tolosa-Getariaren arerioak emakumezkoen traineru ligan.

Aurten sailkatzeko presiorik ez zutela eta, arraunlarien banakako prestakuntza, nahiz taldean blokea sortzea, iaz baino beranduago lortzen ari direla nabarmendu du Anjel Larrañaga entrenatzaileak: «Ez dugu presio hori sentitu, eta aurreko denboraldian baino beranduago ari gara, honi dagokionez». Horrela beraz, San Juan eta Zumaiako taldeek Euskotren ligaren hasiera sasoi puntu hobean harrapatu dutela dio Larrañagak, eta iaz eskuratu zituzten garaipenak tolosarren eta getariarren aurreikuspenetan dauden arren, oraingoz ahalik eta puntu gutxien galtzea da beren helburua: «Banderak irabaztea garesti suertatuko da aurten ere, eta punturik ez galtzen saiatu behar dugu guk, denboraldi hasiera honetan, gero gure sasoi punturik onenera heltzen garenean, hori guztia errekuperatu ahal izateko».

Bihar, beraz, 18:00etan jokatuko dute Ribamontan al Mar-eko  (Kantabria, Espainia) bandera irabazteko estropada, eta igandean, berriz, Pasai San Pedroko uretan, Euskotren bandera jokoan izango da, 12:00etan.

Gipuzkoako hirugarrenak

Pasa den asteazkenean, Tolosa-Getariako emakumeek hirugarren postua eskuratu zuten Gipuzkoako Traineru Txapelketan.

Itsasoaren egoera txarra bistakoa zen, eta gauza bera nabarmendu du Anjel Larrañaga entrenatzaileak: «Eguraldi oso txarra zegoen, eta esan bezala, Zumaia eta Pasaia sasoi hobean daude momentu honetan».

Zozketak hala erabakita, Kotxako badiako laugarren kaletik burutu zuten estropada tolosarrek eta getariarren, baina hirugarren kaletik zihoazen sanjuandarrek aurrea hartu zuten hasieratik. Horrela, ziabogan hiru segundoko aldea atera zion San Juanek Zumaiari, eta hamabi segundukoa, Tolosa-Getariari.

Poparean, traineru sanjuandarrak bere indarra berretsi zuen, eta 12:19.31ko denborarekin txapeldunak izan ziren. Tolosa-Getariak 12:38.86 markatu zuen kronometroan, eta hirugarren postua eskuratu zuten, beraz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!