Gutuna: Oraindik gora eta behera Berazubiko igerilekuarekin

Ataria 2012ko uztailaren 19a

Zuzendaritza honek ez du sekulan Berazubiko igerilekuari buruzko eztabaidetan sartu izan nahi, baina erabiltzaile ohi batzuen adierazpenen ondoren ezinezkoa iruditu zaigu.

Klubaren zuzendaritza onartu genuenetik igerilekua martxan mantentzen saiatu gara, nahiz eta urtez urte galera ekonomikoetan murgilduta egon. Erabiltzaile batzuek galerak ez zituela pentsatzen eta sinesten duten arren, errealitatea ez da inoiz hori izan, urtez urte klubaren Batzar Nagusietan aurkeztu den bezala. Balantze ekonomiko negatibo hau azkeneko lau urtetan 45.000,00 euro bueltakoa izan da, amortizazioak, eta beste inbertsioak, kontuan eduki gabe. Baina arazo handiena azken urtean izan dugu, uraren faktura jasanezin batekin, argi indarrarekin ere (benetako balantze ekonomikoen kopiak klubean nahi duenaren eskura daude).

Nahiz galera horiek horrela izan, txikiagoak aurreko denboraldietan izanik, zuzendaritza honek beti mantendu du, onartu behar genituela, klubeko kirolariei eta bazkide batzuei ematen zitzaien zerbitzua zela eta. Bestalde, urtez urte abonatuen kopurua jaisten joan da, 2011n bakarrik 85 heldu eta jubenil 1 izanik. Gainera, igerilekua erabiltzen zuten klubeko kirolarien kopurua (550-650 azken 4 urteetan) oso baxua izan da. Erabilera hain baxuaren arrazoia denoi pentsarazi behar digu, zaila baita ulertzea sarrera dohainik izanda ez joatea erabakitzea. Arrazoia, aurkitzen zuten giroa izan daiteke?

Hala ere, okerrena ez da hori, baizik eta zuzendaritza honen kontra joan diren pertsonak aurten ez direla klubeko bazkideak. 2012ko urtarrileko klubaren Batzar Nagusiaren ondoren, non egoera argi eta garbi azaldu zen eta Berazubiko obrak hasten ez baziren igerilekua irekitzeko ate bat irekita utzi zen, orain protestan dauden erabiltzaile ohiak beraien bazkide kuota itzuli egin zuten, momentu horretan zituzten eskubide guztiak galduz. Hau dela eta, zertara orain protesta egin, klubari bizkarra eman badiote? Bazkideak bakarrik izatea igerilekuarengatik ulertzen dugu, eta pentsatu zutelako igerilekua gehiago ez zela irekiko bajaren arrazoia izatea ere. Horraino dena normala eta logikoa, baina bakoitzak edozein momentuan bere erabakien ondorioak onartu behar ditu, eta ez besteak egin arduradun.

Tolosa CFko zuzendaritza.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!