Datorren urtean, eskopetarien eskopeta guztiak balarik gabekoak izatea aurreikusi du udalak
«Tolosarren parte hartze altua» nabarmendu dute, udal ordezkari eta teknikariek, nahiz eragileek, ekainaren 22tik 25era bitarte ospatutako San Joan jaiak baloratzeko egindako agerraldian.
Festa batzordeak joan den astean egindako balantzea oinarri hartuta, 2012ko San Joan Jaiak oso positiboki baloratu behar direla nabarmendu zuen Edurne Mendia Kultura eta jaietako zinegotziak.
Jaietako egitarauaren barruan, hainbat puntu nabarmendu zituen Mendiak. Esaterako, txupinazoa festa batzordean urte askotan lanean aritu izan direnek bota izana gogora ekarri zuen: «Berezia izan zen, eta polita ere bai; omenaldi moduko bat izan zen». Bide beretik, kuadrilla eguneko parte hartzeaz gain, antolatzaileek garbiketaren eremuan emandako aurrerapausoak ere goraipatu zituen zinegotziak, eta azkenik, kuadrillek txosna batzordearekin egindako elkarlana ere azpimarratu zuen: «Festa aberasteko balio izan du honek, eta Plaza Berrian beste jai eremu bat sortu da horrela».
Aurtengo jaietako berrikuntza nabarmenetarikoa, halaber, udalak laikotasunaren alde egindako apustua izan da, eta udalak ere baloratu du hau. «Zeresana eman zuen kontua izan zen, baina herritar gehienek gai hau mahaiaren gainean jartzeko genituen arrazoiak ulertu dituztela uste dugu», azaldu zuen Edurne Mendiak.
Hurrengo urteko jaiei begira, «beti hobetzeko espazioak» daudela uste du udal gobernuak, eta herritar nahiz eragileen iradokizunak «atseginez» hartuko dituztela nabarmendu zuen zinegotziak: «Datorren urtean ere, jaiak eragileekin elkarlanean egiten jarraitu nahi dugu, eta nahi duena etor daiteke batzordera».
Sanjoanak Tolosan
Jaietako jarduerarik nabarmenenak San Joan eguneko alardea eta kuadrillen eguna izaten dira, parte hartzeari dagokionez.
Aurten, 650 eskopeta inguru atera zirela azaldu zuen Jokin Monfort jaietako teknikariak, eta datorren urtera begira, eskopeta guztiak balagabeak izatea aurreikusi du udalak.
Kuadrilla egunari dagokionez, berriz, Irati Artutxa antolatzaileen ordezkariak oso balorazio ona egin zuen: «Parte hartzea oso altua izan zen, 1.670 lagun elkartu ginen, eta zalantzarik gabe, eguraldi onak ikaragarri lagundu zigun».
Aurten, berrikuntza nabarmena izan da antolakuntzan aritu
diren kuadrillek ingurumena zaintzeari begira egin duten ahalegina. Lehenengoz, edalontzi berrerabilgarriak erabili zituzten, eta bazkalondoko garbiketan ere saiakera berezia egin zuten, Euskal Herria plazako jantoki erraldoia ahalik eta egokien jasotze aldera.