Mari Jose Odriozola: «Ez dakit Raxoiren gobernua zeren zain dagoen; oso eroso daude orain»

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko ekainaren 29a

Mari Jose Odriozola, Pello Odriozolaren arreba

[/caption]

Mari Jose Odriozola (Tolosa, 1951) Pello Odriozola presoaren arreba da. 2008ko uztailaren 2an amaitzen zitzaion zigorra Pello Odriozolari, baina Parot Doktrina ezarri, eta beste hamar urtez luzatu zioten espetxealdia; ia 100 preso daude bere egoera berean. Bihar, Tolosako Herrirak antolatuta, Zuerako (Zaragoza, Espainia) espetxera irteera egingo dute, batetik, eta manifestazioa, bestetik, Tolosan, 19:30ean, Trianguloatik abiatuta.

Nola jaso zuen zure anaiak, beste hamar urtez espetxean egon behar zuela zioen berria?

Ondo. Nik uste dut prest zegoela horretarako. Nik aterako zela esaten nion, eta berak esaten zidan: «Uf! Oinak lurrean ditut, eta ez dut uste oraindik irtengo naizenik». Beharbada barruan izango zuen itxaropenik, baina egoera nola zegoen ikusita, espero zuen.

Eta senideok nola hartu zenuten?

Okerrago. Itxaropen handiagoa genuen guk. Izan ere, berarekin batera sartu zirenen artetik, bera bakarrik geratzen da barruan.  Gainera, ETAk armak utzi zituela jakinarazi zuenean, martxorako etxean irudikatzen nuen anaia. Oraindik zortzi urte geratzen zaizkio berez, baina hau lehenago konponduko dela espero dut. Hala ere, ez dakit Mariano Raxoiren gobernua zeren zain dagoen; oso eroso daude dirudi orain. Gaixo dauden presoak ere ez dituzte ateratzen orain. Eta Parot Doktrinari dagokionez, legez kanpoko zerbait da. Lehen, hitzekin leku guztietara iritsiko zirela zioten, baina hori ez da horrela. Guk ezin dugu ezer egin, itxaropena izateaz haratago.

24 urte daramatza zure anaiak kartzelan. Nola darama berak hain denbora luzez espetxean egote hori?

Ondo daramala uste dut, bai. Pasa den ostiralean izan genuen, senarrak eta biok, bisean biseko bisita Pellorekin, eta oso ondo dago; aldartez primeran dago, eta osasunez ere, beste hainbeste.

Nolakoa da familiarentzat, 24 urtetan harreman hori bisiten bidez mantentzea?

Harremanak berdin-berdin jarraitzen du, bai.

Joan-etorri asko egindakoa izango zara 24 urte hauetan.

Bai. Madrilen (Espainia), Herrera de La Manchan (Ciudad Real, Espainia), Ourensen (Galizia) eta Lugon (Galizia) egondakoa da anaia. Azken lau urteotan, berriz, Zueran dago (Zaragoza, Espainia). Ourensera, adibidez, bisean bisekora-eta, banaka joaten ginen; Donostian zortzietan autobusa hartu, eta hara seietan iristen ginen. Han, espetxea mendi batean dagoenez, taxia hartzen genuen bertaratzeko. Lugora ere berdin-berdin joaten ginen; izan ere, autoan ia zazpi orduko bidaia izaten zen bestela. Zuerara joatea osteratxoa da, 200 kilometro inguru besterik ez daude; eta gauza bera gertatzen zen Herrera de La Mancharekin ere, autobusa baitzegoen hara joateko.

Eta bisitak nola antolatzen dituzue?

Lagunak astero joaten dira orain. Lehen, zerrenda librea izaten zen, eta edozein lagun edo senitartekok joan zezakeen bisitan; ez zegoen kopuru finkorik. Orain ordea, legea aldatu dute, eta sei hilabeteko aurrerapenarekin hamar pertsonako izen zerrenda eman behar da, bisitetara joan ahal izateko. Hurrengo seihilekoan aldatu egiten dugu zerrenda, beste pertsona batzuk joateko.

Bihar, Zuerako espetxearen kanpoaldean ekitaldia egiteko asmoa duzue. Iritsiko al zaio aldarrikapen horren berririk?

Pentsatzen dut baietz. Baina ea poliziak autobusari haraino iristen uzten dion. Bestalde, Tolosan antolatzen diren mobilizazioen berriak ere jasotzen ditu, eta oso ondo hartzen ditu.

Eta zuei ere nolabaiteko babesa ematen dizuete aldarrikapen hauek?

Bai, positiboa da. Jendea mugitzen da, eta gazte asko, gainera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!