Galtzaundik abian jarri du kirola euskaraz egiteko kanpaina, eta bere prestutasuna agertu dute Tolosa CFek eta TAK-k. Beraz, futbola eta arrauna atsegin dutenek, eta euskaraz jakinik entrenamenduak eman eta talde horietan lagundu nahi dutenek, Galtzaundi euskara elkartean izena eman dezakete. Agerraldia eman zuten atzo egitasmoaren berri emateko eta bertan izan ziren Galtzaundiko Amaia Doyague, Tolosa CFeko Iñaki Arratibel, TAK-ko Iñaki Kruz eta Inaki Irazabalbeitia Tolosako Udaleko Hezkuntza eta Hizkuntza Politikako zinegotzia.
Galtzaundik 16 urte azpikoen aisialdia aztertu du hizkuntzaren ikuspuntutik 2011-2012 ikasturtean, eta horretarako Tolosako 35 talderekin izan dira harremanetan. Hainbat puntu aztertu dituzte lan horretan: talde bakoitzeko hizkuntza paisaia; boluntarioen eta langileen euskara ezagutza; entrenamenduetan, jardueretan eta jasotzen den formazioetan erabiltzen den hizkuntza; eta azkenik, beste erakundeekin zein etxe barruko bilkuretan erabiltzen den hizkuntza. Diagnostikoa egiteko hainbat helburu izan dira: Tolosako gazteekin lanketaren bat egiten duten taldeetan euskararen erabilpena zenbatekoa den zehaztea, aurrera begira zein pauso eman erabakitzeko datuak izatea, eta zein elkartera eta zerekin jo erabakitzeko datuak izatea.
Ikerketa 16 urte azpikoen adin tartean egitea zergatik erabaki zuten argitu zuen Doyaguek: «Estrategikoak direlako, euskararen geroa baldintzatuko duten belaunaldia direlako, eta kontuan hartuta Tolosako ikastetxeetan D ereduan ikasten dela, aisialdiko jarduerak euskaraz egiteko hiri ezin egokiagoa da».
Bi taldeen prestutasuna
Orain, diagnostikoaren emaitza eskuetan dituztela, taldez talde proposamenak egiten ari da Galtzaundi eta hor kokatzen da futbolaren eta arraunaren munduan egiten ari diren kanpaina, Tolosa CFek eta TAK-k horretarako prestutasuna agertu baitute. Doyaguek azaldu zuenez, bi talde horiek euskararen erabilpenean ematen dituzten pausoen jarraipena egingo dute.
Tolosa CFeko Iñaki Arratibelek azaldu zuenez, «gure nahia eta helburua euskara erabiltzea izan da, eta gainera ikusten da neska-mutil guztiek euskaraz dakitela eta erabiltzen dutela». Arratibelek zehaztu zuenez, askotan arazoa izan da laguntza ematera joaten zaizkienen artean, batzuk euskaraz dakitela eta beste batzuk ez. «Kanpaina entrenatzaileei zuzenduta dago, baina beste hainbeste gertatzen zaigu zuzendaritzara laguntza ematera joaten direnekin», zehaztu zuen. Kanpaina honekin espero dute taldera jende berria joango dela eta horiekin «euskararen erabilera maila guztietan behar den bezala izatea», esan zuen Arratibelek.
TAKren kasuan, Iñaki Kruzek dioenez, «kirola egin eta emaitzak lortzen saiatu gara, baina euskara ez dugu kontuan hartu. Oso interesgarria iruditu zaigu ekimen hau eta prest gaude euskararen erabilpenean kontzientzia hartu eta egitasmo honetan parte hartzeko».
Bere aldetik, Inaki Irazabalbeitiak eskerrak eman zizkien bai Galtzaundiri eta bai bi kirol taldeei egitasmoa abian jartzeagatik, eta herritarrak animatu zituen izena ematera. «Udalaren aldetik oso garrantzitsua da haur eta nerabeek eskolatik kanpoko jarduerak euskaraz egin ahal izatea», zehaztu zuen Irazabalbeitiak, eta gogora ekarri zuen udal gobernuaren helburuetako bat Tolosan ohiko komunikazio hizkuntza euskara izatea dela.
Egun batetik bestera ez dela helburu hori lortuko esan zuen Irazabalbeitiak: «Urteak beharko ditugu eta lan horretan gizarte eragile askoren konplizitatea eta laguntza beharko ditugu, kasu honetan kirol elkarteena». Hori horrela, Irazabalbeitiak espero du aurrerantzean ere horrelako egitasmoak martxan jartzea agerraldian egon diren bi taldeekin zein gainontzekoekin.