Aurreko astean aurkeztu zuen Diputazioak Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako Plangintza. Goi mailako jakitunek egindako plangintza da, Europan aitzindariak direnak. Orain arteko plangintza gaurko egoerara egokitu dute goi-teknikari hauek eta gure ustez, onura asko ekarriko dituen plangintza da:
-Gaikako bilketa sustatzen du eta helburu argiak jartzen ditu: %60a 2016rako eta %75a 2020rako.
-Plangintza malgua da, gaikako bilketa handitzen den neurrian egokituko baitira azpiegiturak ere.
-Kudeaketa banatu egiten du beharren arabera, hondakina sortzen den tokira hurbiltzen baita.
-Zabortegi arruntak 2014an itxiko dira, aurretratamendurik ez duen zaborra hartzen duten zabortegiak alegia.
-Askoz ere merkeagoa da, 200 milioi euro merkeagoa.
-120 lanpostu zuzen sortuko ditu, eta askoz gehiago, zeharka.
-Plangintza honekin ez da errauskailurik behar.
Honengatik guztiagatik, Gipuzkoa Europa mailan puntaren puntan jarriko da hondakinen kudeaketa moderno eta aurrerakoian, Zero Zabor helburu hartuta.
EAJ-PNV asteburu honetan, plataforma baten bidez, errauskailuaren aldeko sinadurak biltzen aritu da. Koherentzia hutsagatik, errauskailua Tolosan kokatzea proposatzen dutela uste dugu, izan ere, norberarentzat nahi ez dena besteentzat eskatzea ez baita txukuna inondik inora.
Non eraiki nahi du EAJ-PNVk errauskailua, Apattan?, Amarotzen?, San Estebanen, akaso? Tolosarrok jakiteko eskubidea dugu.
Gure iritzia argia da, ez dugu errauskailurik nahi, ez Tolosan, ez Zubietan, ez beste inon. Errauskailuak arriskutsuak dira gure osasunarentzat eta ingurumenarentzat, Gipuzkoako Medikuen Kolegioak antolatutako Osasuna eta hondakinen erraustea konferentziak ondorioztatu zuen bezala.
Diputazioaren 2008ko plangintzak urtean 260.000 tona hondakin erretzea aurreikusten zuen. Errauskailuak kopuru hori behar du martxan dagoen denbora guztian.
Zer gertatuko da gaikako bilketa handitutakoan? Gaika biltzea al da benetan EAJ-PNVren helburua? Nola demontre dira osagarriak birziklatzea eta errauskailua?
Europak 2020an debekatu egingo du berrerabili eta birzikla daitekeen hondakina erretzea. Orduan, kanpotik ekarriko al dugu zaborra errauskailuari jaten emateko?
Logikoa al da 400 milioi euro gastatzea hemendik 8 urtera errauskailua ixteko? Zein interes ezkutu dauka hau defendatzen duenak?
Ez, EAJ-PNVko andre eta gizonak, ez da errauskailurik beharko. Ez duzue eraikiko zuen patrikak betetzeko besterik balio ez duen errauskailua. Herri honek ez dizue utziko. Plangintza egokitu berri honek betirako ixten dio errauskailuari atea eta gu oso pozik gaude horrexegatik.
Alemania, Herbeereak, Danimarka... dira Europa mailan aldaketa hau bideratzen liderrak. Hondakinak lehengai moduan tratatzeko helburua dute, ez erretzeko zabor moduan eta honek ekonomian eragin ikaragarri ona du, lehengaietan pattal baitabil euroaren lurraldea.
Aldaketa ekonomiko eta teknologiko handien garai honetan, Gipuzkoa Europaren puntaren puntan jarriko da plangintza berrituarekin.
Ez dugu tren hau galdu behar. Plangintza egin duen jakitun batek zioen moduan, borondate politiko eta pedagogia kontua da, besterik ez.
Karmele Elizaran Izagirre, Iñaki Elduaien Ugartemendia eta beste 31 herritarren sinadurak