Iritzia boto bihurtzeko eguna iritsi da

Imanol Garcia Landa 2012ko ekainaren 13a

Larramendi auzoari buruzko kontsulta larunbatean izango da, hilaren 16an. Ia 1.700 auzotar daude deituta bi aukeren artean erabakitzeko. Alde batetik, A aukera, lurperatzea bere barne hartzen duen proiektua. Bestetik, B aukera, lurperatzerik gabekoa eta modu horretara geldituko ziren 2,5 milioi euro beste azpiegituretara bideratzea proposatzen duena.

Auzoko Arkaute etxean, egun Gurutze Gorriaren egoitza dena, egingo da bozketa, eta ordutegia 09:00etatik 20:00etara izango da. Proposamen bat edo beste aukeratzeko parte hartze prozesu bat antolatu du Tolosako Udalak eta Nola Eskola aholkularitzak dinamizatu du.

Agurtzane Loidi aholkulariak  prozesuaren talde eragilean hiru alorren garrantzia izatea nabarmendu du: «Politikoak, teknikoak eta auzotarren ikuspegia, azken honetan, gainera, hainbat iritzi zituztenak». Loidirentzat «denon arteko adostasunarekin» zenbait gauza egiten joatea «garrantzitsua» izan da: «Adibidez, argitalpenean bi aukerak ahal zen objektiboen ateratzea». Kontsultan aukera bat edo beste atera, auzoan gaiak kezka sortu duela dio Loidik, eta kontsultaren ondoren auzoaren alde egin behar dela dio, «auzo bizi bat lortzeko».

Bi auzotar taldeen arrazoiak

Auzoan bi talde lanean ari dira, bakoitza aukera baten alde. Larramendi kalea lurperatzearen aldeko bizilagun taldeak A proposamenarekin bat egiten du. «Plaza ikaragarri handi bat sortzen du, oinezkoek erabili ahal izateko kotxerik gabe, horrek ematen duen segurtasun eta lasaitasunarekin», esan dute bere aukera azaltzerakoan. «Auzoaren bi aldeak elkar lotzen dira, orain ez bezala, errepideak bi auzoak banandu egiten baititu», gaineratu dute.

Horrez gain, A aukerak «ez du zona berderik kentzen, ez baitu adreilu gehiago eransten Arkauteko parkeari lurzorua kenduz», azaldu dute. Lurperatzearen obra «erabat segurua» dela diote: «Etxe berrietan hiru solairuko aparkalekuak egin dira eta lurperatzeak ez du hainbesteko zulaketarik eskatzen».

Aukera bateko zein besteko obrek izango luketen epeak alderatzerakoan, garbi dute «ezinezkoa dela antzekoak izatea. Lurperatzearen aukeraren obrak bihar hasi daitezke».

Lurperatzearen aldeko taldeak, «oro har partaidetzaren alde egonik», ez dute ulertzen «dagoeneko onartua, proiektatuta, aurrekontua eginda, finantziatuta... dagoen proiektu baten inguruan eskatzen den partaidetza, eta udalak zergatik sartzen duen eskua erabaki libre bat hartu duten bizilagun batzuen erabakian». Bestalde, kontsultarako galdera zehazteko «logikoagoa eta garbiagoa» ikusten dute «Lurperatzea bai (A aukera)» eta «Lurperatzea ez (B aukera)» jarri izan balitz. Horrez gain, «udalak sustatutako eztabaidaren ondorioz ez dakigu zenbat diru gastatzen ari den eta nork eta nola ordainduko den kudeaketa-prozesu-proiektu guzti hau», esan dute.

Beste taldea Larramendi Bizirik da eta B aukeraren alde azaldu da. Euren ustez, «informatuz eta hainbat txosten esku artean izanik, lurperatzea egiteak baino, ez egiteak, auzoari askoz ere gehiago ematen dionaren ondorio garbira heldu gara». Ez dute, «orain arte bezala», Larramendi «Tolosaren sarrera izaterik nahi» eta azpiegituraz hornitutako «auzo bizi bat» nahi dutela esan dute, «finean elkarbizitza sustatuko duena».

Euren ustez, «lurperatzea aurrera eramateak suposatzen duen inbertsio tekniko eta ekonomikoak ez dio inolaz ere gehiegizko eraikigarritasunak sortzen duen azpiegitura eta ekipamendu eskasiari aurre egiten». Larramendi Bizirik elkartetik «inbertsio soziala» defendatzen dutela diote: «Zementu eta adreiluzko auzo baten aurrean pertsonen arteko hartu emanak errazteko azpiegitura sozialak eta bizilagunen arteko integrazioa bultzatuko duten bilguneen aldeko apustua egiten dugu».

Kontsulta egitearen inguruan, Larramendi Bizirik taldeak azaldu duenez, «ilusioz betetzen gaituen proiektu bat dugu esku artean». Jendearen partaidetza bultzatuko duen auzo bat sortu nahi dutela diote, «dinamikoa, bizilagunen arteko integrazioa bultzatuko duena». B aukera ateratzen bada, «oso garrantzitsua» iruditzen zaie «2,5 milioi euro horiek inbertitzeko garaian udalak auzotarrak kontuan eduki izana». Larramendi Bizirik-ek dioenez, «azken finean auzoa, auzotarrok, auzotarrentzat eraikitzen baitugu eta 2,5 milioi eurorekin errazagoa izango da».

Udalbatzako alderdien iritzia

Tolosako udalbaltzaren osoko bilkuretan hainbatetan izan dute hizpide Larramendi auzoa. Bildu koalizioak azaldu duenez, «zalantzarik gabe» B proposamenaren alde egiten dute, «hau da, auzorako ekipamenduen alde eta lurperatzearen aurka». Koalizioak dioenez, «ez dago txosten tekniko bakar bat, askotan eskatu dugun arren, lurperatzearen alde egiten duenik». Euren iritziz, «lurperatzea berez da txarra kasu honetan, baina gainera, haren ordez auzoak behar dituen dotazioak eraikitzea oso egoki ikusten dugu». Koalizioaren arabera, «funtsean bi proiektuen artean dagoen aldea hau da: A proposamenarekin betirako herriko sarrera izatera zigortu, edo B proposamenarekin benetako auzo bat eta herri bat eraiki».

Kontsulta egiteari dagokionez,  udalak garatu duen prozesua «oso begi onez» ikusi dute koaliziotik. «Hainbat iritzi zeuden auzoan eta batzuk, aspalditik bertan bizi direnak, ez dituzte inoiz aintzat hartu», esan dute. «Iritzi talka horren aurrean» udalak «demokrazia zuzena» erabili duela gaineratu dute. «Txalogarria» dela deritzote eta auzotar guztiak bozkatzera eta «auzoa elkarrekin eraikitzera» animatu dituzte.

EAJk Larramendi kalea lurperatzea proposatzen du: «Trafikoa begibistatik kentzea eta auzo handi horri leku lasai eta kotxerik gabekoa eskaintzea, auzokideak lasai ibili daitezen inolako baldintzarik gabe plaza handi batean». Trafikoaren eragina Uzturre kalean ere jaitsiko dela dio EAJk: «Guk pentsatzen dugu ez dela Uzturre kalea trafikoarekin kargatu behar, auzoko kale lasai bat izan behar delako auzokideak lasai bizi daitezen».

Alderdi jeltzalearen ustez, kontsultaren proiektuan «ez da batere zaindu ‘oportunitate edo aukera’ren irizpidea. Ez da kontsultarako garaia. Urbanizazio proiektua egina zegoen, auzotar berriek Larramendi kalea lurperatutako proiektua begien aurrean zutelarik erosi zuten etxea, eta orain aldatu nahi du udalak etxebizitza gehienak eraikiak eta salduak daudenean. Ez da inolaz ere  egokia. Horregatik auzotar asko haserre daude».

PSE-EE «proiektu originala mantentzearen alde» agertu da, «hau da, lurperatzearen alde». Larramendiko bizilagunek proiektu baten arabera erosi zutela bere etxebizitza, eta hori errespetatu behar dela dio PSE-EEk. «Bizilagunentzat lurperatze proiektua ez mantentzea iruzur hutsa da. Gainera auzoarentzat proiekturik onena da. Udal gobernuak eztabaida ez zegoen gai batean aldaketa hau proposatu du, beraiek jakingo dute zein den bere asmoa», gaineratu dute.

Kontsultan udal gobernuak ez duela «irizpide objektiborik, ezta araurik», dio PSE-EE alderdiak, eta gaineratu, «udal gobernuak, Bilduk eta Aralarrek, bere interes politikoen arabera jokatzen dute. Partaidetza eta kontsultak planteatzeko garaian ez dute garbi jokatzen».

Aralarrek ez du uste alderdiek jarrera zehatz bat defenditu behar dutenik Larramendi auzoaren moduko auzitan. «Herritarrek beraiek erabaki behar dute, libreki eta beren irizpideak oinarri hartuta, Larramendirako zein den alternatibarik egokiena», azaldu du. «Udal gobernuak proiektu alternatiboa egin izana eta herritarrei bi proiektuei buruz aukeratzeko parada eman izana» babestu du eta bere egin ditu Aralarrek.

Kontsulta egiteari buruz, «herritarrengan eragin zuzena duten proiektuei buruz beraiei zuzenean galdetzea demokraziaren izpirituaren ikuspegitik oso egokia iruditzen zaigu», diote Aralarretik. Herritarrek erakundeen gobernuan parte hartzearen esanahia «herritarrek erabakiak hartzeko aukera izan behar dutela» da, Aralarrek dioenez. «Kontsultak herritarrek erabakiak hartu ahal izateko modu bat da, gardenena seguruenik, eta Larramendikoa segida baten lehena izatea» espero dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!