Tolosako Kuadrilen arteko XIV. Street Basket Txapelketa larunbatean izango da. TAKE Saskibaloia klubak 3x3 Street Basketeko txapelketa antolatu du. Tolosako San Frantzisko pasealekuan jokatuko da, eta egun bateko lehiaketa izango da. 15:30ean hasi eta 21:00etan amaituko da. Izena, www.takesb.com helbidean eman behar da.
Talde bakoitzak izena emateagatik 10 euro ordaindu beharko ditu. Sari garrantzitsuak daude jokoan: lehen sailkatuentzat lau afari Fronton jatetxean eta elikagai bikainez osaturiko saski eder bat izango dira; bigarren sailkatuentzat lau afari Orue erretegian; hirugarren sailkatuek lau afari izango dituzte Beti Alai jatetxean; eta laugarren postua eskuratzen dutenek, Photokafeko lau afari tailandiarrez gozatzeko aukera izango dute.
Egun berean, alebin eta infantil mailako 3x3 Street Basket Txapelketa ere antolatu du TAKE Saskibaloia klubak. Tolosako Foruen Etorbidean jokatuko da. Bi mailatan banatuko dira partaideak: alebinak (2000-2001 urteetan jaiotakoak) eta infantilak (1998-1999 urteetan jaiotakoak). Egun bateko lehiaketa izango da. 09:00etan hasi eta 13:30ean amaituko da. Irabazleek, 400 euroko opari txartela jasoko dute Shanti Kirolak dendan gastatzeko, eta bigarrenek, 200 eurokoa jasoko dute. Bestalde, parte hartzen duen jokalari bakoitzari kamiseta bat emango zaio opari gisa.