Azken asteetan Fermin Muguruzaren Next Music Station egitasmoaren filmak ematen ari dira eta, bihar, Morocco emango dute, Tolosako Leidor aretoan, 20:30ean. Imanol Ubeda kazetari eta musikari tolosarrak egingo du filmaren aurkezpena.
Aljazeera komunikabideak eskatu zion Fermin Muguruzari Next Music Station proiektua egiteko. Hamar filma egin ditu, bakoitza herrialde baten musika jasotzen duena. Bihar Leidorren emango dena Marokoko musika erakutsiko du.
Imanol Ubedak azaldu duenez, filmak «Maroko barruan hainbat Maroko daudela erakusten du». Marokoko musikari baten bitartez erakusten du bertako musika Muguruzak. Ubedak gaineratu duenez, «pertsonalki gustatu zait Muguruzak hartu duen papera. Ez da inoren gainetik jartzen eta bertako musikari baten begietatik egiten du Marokotik bidaia, eta beraiekin batera filma ikusten duenak ere bai».
Marokoko herri musika jasotzen da dokumentalean, eta baita gaur egun jorratzen ari diren estilo berriak ere. «Hip-hop musika bere bidea egiten ari da Marokon, eta gazte jendea erakartzen ari da», esan du Ubedak. «Musikaren bitartez aldarrikapenak ere bere lekua du, garai berriei erantzun berriak emanez». Zentzu horretan, musikari tolosarren ustez, «ez gara hain ezberdinak».