Tolosako Larramendi auzoari buruzko parte hartze prozesuaren azken batzar irekia egin zen atzo arratsaldean, auzoko Arkaute etxean, eta hurrengo pausoa ekainaren 16ko kontsulta izango da. Azken batzar horretan azaldu zuten zeinek parte hartu ahalko duen kontsultan: Larramendi auzoan erroldatuta dagoena, maiatzaren 16a edo lehenagotik, eta 18 urte beteak dituenak (kontsultaren egunean betetzen baditu ere balio du).
Kontsultarako errolda oinarri gisa hartzearen arrazoia zehaztu zuen Xabier Telleria udal teknikariak: «Bozketarako mekanismo kontrol bat zehaztu beharra dago, eta horregatik hartu da erroldarena, hori baita udalak duen zerrenda objektiboena. Eta hauteskundeetan egiten den moduan, errolda data jakin bat arte hartu da kontuan».
Bozketarako mahaia Arkaute etxean bertan egingo da eta ordutegia 09:00etatik 20:00etara izango da.
Mahaian parte hartze prozesuko aholkulari taldeko bi kide izango dira, eta baita A proiektuaren aldeko eta B proiektuaren alde dauden bina pertsona ere. Bozketa itxi eta berehala Arkauten bertan egingo dute kontaketa, eta hau irekia izango da.
Hain justu, bileran ere zehatu zuten bozketa nola izango den. «Ahal den modurik sinpleenean jarri dugu, gaizki ulerturik ez izateko», azaldu zuten aholkularitza taldekoek. Beraz, bi boto txartel izango dira. Batean A proiektua jarriko du eta bestean B proiektua. Lurperatzea bere barne hartzen duen proiektua A izenekoa da eta lurperatzea ez duena B proiektua da. Bozketa egiteko lekuan zehaztuta egongo da proiektu bakoitza.
Bozkatzeko eskubidea dutenek atzo eta gaur bitartean jasoko dute beharrezko guztia etxeetan. Gutuna nominala izango da.
Bertan, alde batetik, akreditazio orria egongo da, pertsona bakoitzaren izenean, eta orri hori derrigorrez eraman beharko da bozketa egunean.
Bestetik, bozkatzeko gutun azala eta bi boto txartelak egongo dira. Bozketa egunean derrigorrez nortasun agiriren bat eraman beharko da. Baldintzak betetzen dituen norbaiti ez bazaio gutuna iristen, udaletxera jo beharko du bere egoera aztertzera.
Norbaitek ezin badu egun horretan bozkatzera joan, beste pertsona batek eraman ahal izango du bere ordez botoa. Horretarako prestatu dagoen orrialde bat sinatuta eraman beharko da (udaletxean jaso daiteke edo udaleko webgunetik jaitsi), botoemailearen nortasun agiriren baten fotokopia eta bere akreditazio orria. Botoa eramango duen pertsonak ere identifikatzeko agiriren bat eraman behar du. Pertsona batek beste baten ordezkari lanak bakarrik egin dezake.