Igarondoko babes ofizialeko 24 etxebizitza alokairuan esleitzeko zozketa egin dute gaur Tolosako udaletxean. Guztira 109 eskatzaile izan dira, eta lau taldetan banatu dira etxebizitzak: mugikortasun urri iraunkorreko pertsonentzat etxebizitza bat zegoen eta bi eskatzaile; 70 urtetik gorakoentzat 20 etxebizitza zeuden eta 31 eskatzaile; gizarte behar bereziak dituztenentzat 2 etxebizitza zeuden eta 16 eskatzaile; azkenik, talde orokorrarentzako etxebizitza bat zegoen eta 60 eskatzaile.
Jende ugari izan da bilkura aretoan zozketa jarraitzen, eta tarteka txaloak entzun dira, baita pozik eta triste geratu den jendea ere, zorte ona ala txarra izan duenaren arabera. Ibai Iriarte alkateak, zozketa hasi aurretik, udalak alokairu soziala bultzatzen duela nabarmendu du.
Zozketaren zerrendak bihar argitaratuko dira eta ikusgai izango dira bai udalaren webgunean bai udaletxeko iragarki taulan. Bestalde, eskatzaileei euren egoeraren berri emango zaie, hau da, esleipenduna izan den, eta beraz, dagokion etxebizitza zein den, edo itxaron zerrendako zein postutan geratu den.