Tolosako Udalak NEL (Nik ere Euskaraz Lanean) ikastaroa antolatu du, ostalaritzan eta merkataritzan aritzen diren langileek lanean euskaraz egin ahal izateko trebatzeko. Egitasmoaren aurkezpenean Inaki Irazabalbeitia Hezkuntza eta Hizkuntza Politikako zinegotzia, Petra Elser Banaiz Bagara elkarteko kidea, Eider Alustiza Emun-eko kidea eta Kristina Morales Immigrazio teknikaria izan dira. Bi talde egin dira, horietako bat langileei begira, eta bestea enplegatzaileentzat. Langileei zuzendutakoak 14 saio ditu eta enplegatzaileentzat denak 4 saio.
Ikastaroaren hasiera hilaren 12an izango da, eta izena eman nahi dutenek udalaren euskara departamendura deitu behar dute, 943 697453 zenbakira. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ikastaro praktikoa izango da, eta elkarte gastronomiko batean egitea pentsatu dute, are praktikoago egiteko. Langileei zuzendutako ikastaroan oinarrizko hizkuntza tresnak ikasiko dira, eta enplegatzaileei zuzendutakoan, ikasten ari den langileari prozesu hori errazteko nola lagundu ikasiko da.