Tolosak eta Donostiak elkarrekin egingo defendatuko dute 2016ko Unimako kongresua eta jaialdiaren egoitza izateko hautagaitza. Lau urtebetez behin egiten da txotxongiloaren arloko mundu mailako topagunea, eta aurtengoa Txinako Chengdu hirian egingo da. Hain justu, bertara joango da Tolosa-Donostia hautagaitzaren ordezkaritza datorren astean, eta hilaren 31n jakingo da 2016koa non egingo den.
Hautagaitzaren aurkezpena gaur egin dute Tolosako Topic zentroan eta izendapena jasotzeko aukera handiak dituztela esan dute. Hautagaitza defendatuko duten erakundeen ordezkariak izan dira: Tolosako Udaletik Ibai Iriarte alkatea, Topic zentrotik Idoia Otegi zuzendarikidea, Donostia 2016tik Igor Otxoa proiektuen koordinatzailea, Eusko Jaurlaritzatik Antonio Rivera sailburuordea eta Etxepare Institututik Irene Larraza komunikazio arduraduna. Guztiek nabarmendu dute horrelako kongresu eta jaialdi bat Tolosan eta Donostian egitearen garrantzia.
Txinan egingo duten hautagaitzaren aurkezpena berezia izango dela diote, ezustekoak prestatu baitituzte. Bestalde, orain gutxi Topic museoak Silleto saria jaso izana goraipatu dute eta horrek izendapena jasotzeko aukerak zabalduko dizkiela esan dute. Tolosa-Donostiarekin batera izendapena lortzeko lehian Errusiako Ekaterimburgo hiria aurkeztuko da.