Tolosaldea GLH Institutuko ikasleek emaitza onak lortu dituzte Euskoskills 2012n

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko maiatzaren 24a

Oskar Soto eta Iñigo Saizar irakasleekin laguntzaz, Irungo Ficoban hiru egunez aritu ziren lanean

Irungo Ficoban ospatu zuten 2012ko Euskoskills lehiaketan parte hartu eta gero, Tolosaldea Goi Lanbide Heziketa Institutuko ikasleek «oso gustura» azaldu dute beren burua, lortutako emaitzekin.

Mundu mailan egiten diren lanbide heziketako arloen arteko olinpiada moduko batzuk dira skill-ak, Oskar Soto irakasleak azaldu duenez. Gai bat edo praktika zehatz bat proposatzen dute antolatzaileek, eta ikasle bakoitzak praktika hori burutzeko izan duen modua da ebaluatzen dena. Kasu honetan, Tknika-ren bitartez, Eusko Jaurlaritzak antolatzen du guztia, eta lanbide heziketako 19 gaien inguruko lanak izan ziren protagonista Ficobako Euskoskills-ean.

Tolosaldea GLH Institutuko sei ikasleen emaitzak «bikainak» izan direla nabarmendu du ikastetxeak: Iturgintza/Berokuntza sailean, Antton Urkiola lehen sailkatua izan zen; Iñigo Ruizek lortu zuen bigarren postua, eta Mikel Perez suertatu zen laugarren. Hozkuntzaren inguruan egin beharreko lanean, berriz, Jon Zabaleta izan zen lehen sailkatua, eta Unai Madina, berriz, laugarrena. Azkenik, CNC fresaketaren sailean, Gaizka Jauregi bigarren sailkatu zen.  Aipatzekoa da, Oskar Soto eta Iñigo Saizar irakasleak ere bidelagun izan zituztela lehiaketak iraun zuen hiru egunetan.

Izan ere, hiru egunetan, 14 lan ordutan osatu behar izaten dute, Euskoskills-en, antolatzaileek emandako planoen araberako muntaketa. Parte hartu zuten ikasleek azaldu dutenez, lehiaketa aurreko bizpahiru asteetan aritu ziren horretarako prestatzen: «Guk, kobrea-eta manipulatzen ditugu, baina beste material batzuk, denboragatik edo, ezin izaten ditugu eskolan manipulatu. Baina prestakuntza aste horietan aritu ginen horretan. Gainera, beste zenbait gauza muntatzen eta gauza berrietan aritzen ikasi dugu, eta oso baliagarria izan zaigu», dio ikasleetako batek.

Parte hartzaileetako beste batek ere, iritzi bera du lehiaketako parte-hartzearen inguruan: «Azken bi aste haietan, ikasturte guztiak baino gehiago ikasi nuen nik, askoz ere gehiago. Urduritasuna ere sentitu genuen, han bertan, batez ere, lanean ari ginen biatrtean Euskal Herriko beste eskoletako jendea inguruan begira jartzen baitzen».

«Lagun giroan, ez lehian»

Oskar Soto irakasleak, parte-hartzea helbururik behinenen artean dutela azpimarratu du: «Gure alorrean daukagun filosofiagatik, ekimenen bat antolatzen dutenean, ikasleekin aurrera egitea erabakitzen dugu beti. Normalean, Euskoskills lehiaketaren kasuan, ikasle bakarra joaten da eskola bakoitzetik. Aurten, ordea, gainontzeko eskoletatik jende gehiegi joan ez zenez, sei ikaslerekin joan ginen gu».

Hasiera batean, ikasleek joateko gogo handiegirik ez zutela azaldu dio irakasleak, baina azkenean, «oso esperientzia polita» izan dela nabarmendu du: «Irabazi edo ez, berdin zitzaigun guri. Hiru egun polit pasa genituen, eta irakasleon eta ikasleen arteko harremana bera ere estutu egin da».

Bide beretik, ikasleek gainontzeko parte hartzaileekin ere sortu zen giroa izan dute hizpide: «Lagun giroan aritu ginen, ez lehia giroan, eta oso esperientzia polita eta baliagarria izan da».

Irundik Madrilera bidean

Euskoskills 2012n beren sailean irabazle suertatu ziren Tolosaldea GLH Institutuko ikasleak, Madrilen izango dute hurrengo hitzordua, 2013ko urtarrilean edo otsailean. Espainia mailako lehiaketa ospatuko dute, eta han irabaziz gero, Frankfurten (Alemania) izango den lehiaketara sailkatuko lirateke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!