Arkaute etxean egin dute lehen bilera, eta lehenbizi bertan izan direnen iritziak jaso dituzte, bi galderei erantzunez; alde batetik, parte hartze prozesutik zer espero duten, eta, bestetik, auzotik zer atsegin duten gehien. Galdera horiek izan dituzte hizpide, lehen iritzi eta kezkak azaltzeko. Besteak beste, herritarrek eta teknikariek, parte hartze prozesuak auzotarrak informazio gehiago jasotzeko, hartzen den erabakia gero arazo iturri ez izateko eta jendea aktibatzeko balio dezala nahi dute. Auzoaren gustuko ezaugarriei buruz, gauzak egiteko duen potentzialtasuna, Arkaute ingurunea edota Santa Luziara eta Uzturre aldera duen hurbiltasuna aipatu dituzte.
Arkaute etxeko bileraren ostean, egin dute bisita gidatua. Dagoeneko Larramendi errepidean marraztuta dauden marren azalpena eman dute udal teknikariek. Hala, marra gorriarekin, bi ertzetan borobilak dituena, lurperatzearen zuloek hartuko luketen espazioa zehaztuta dago. Arkaute parkearen parean beste lauki zuzen handi bat dago gorriz marraztuta; espazio hori, lurperatzea ez bada egiten, oinezkoen eta autoen arteko koesistentzia gunea izango litzateke. Lauki zuzen horren zabalera hartuko luke, lurperatzea eginez gero, eta gainean geratuko den plazan oinezkoentzat bakarrik izango litzateke. Bestalde, auzoaren lehenengo urbanizazioa zegoen aldean, hau da, Txosne okindengia dagoen espaloian, beste marra batzuk marraztu dituzte, A proiektuari eta B proiektuari dagozkienak. A proiektua lurperatzea duena da eta B proiektua lurperatzerik ez duena. Marraztutako marren koloreak esanahi berdina dute: horiak espaloia noraino iritsiko den erakusten du; grisak koesistentziako errepidea; eta gorriak autoen aparkalekuak hartuko luketen espazioa zehazten du.
Beste aldeko espaloian ez dago marrarik margotuta. Lurperatzearen proiektua egiten bada, egun etxebizitza berri zurien aurrean dagoen antzeko espazioak izango lirateke. Hau da, espaloia etxebitzaren azpian izango litzateke, ondoren koesistentziako gunea eta horren ondoren autoak aparkatzeko lekua. Lurperatzea ez bada egiten, bai koesistentziako gunea eta baita orain autoen aparkalekuak, espaloia izango lirateke.
Bisita gidatua bukatu eta gero, bi informazio banatu dituzte teknikariek. Alde batetik, B proiektua eginez gero, lurperatzea ez egiteagatik egongo liratekeen 2,5 milioi eurorekin udalak egindako aurreikuspena. Teknikariek nabarmendu dutenez, proposamen irekia da, eta kontsultan proiektu hori erabakiz gero, parte hartze prozesua egingo da hori zehazteko. Bestetik, proiektu bakoitzarentzako aurreikusitako kronograma banatu dute. Besteak beste, proiektu batean zein bestean obrek iraungo duten denbora zehazten da. Arkauteko hurrengo bilerak bihar izango dira, 09:30ean, 15:00etan eta 19:00etan.
Ekipamenduak
Lurperatzea ez bada egiten, eraikitzaileekin adostutako 2,5 milioi euroko
aurrekontua bideratzeko udalak egindako proposamena.
- Proiektuak: 200.000 euro
- Lokalaren erosketa: 490.000 euro
- Lokalaren egokitzea: 400.000 euro
- Arkaute birgaitzea: 320.000 euro
- Arkaute handitzea: 800.000 euro
- Plazako estalpea: 290.000 euro