Gutuna: Kirikiñoren Saharako Kanpaina

Ataria 2012ko maiatzaren 16a

Kirikiño Aisialdi Taldeko 26 gazte gara. Azken hiruhilabetean tamalez hain boladan dauden gaiak jorratu ditugu: pobrezia, berdintasuna, milurteko helburuak, giza eskubideak, eta abar luze bat. Eta gai hauek lantzean, gure lagun sahararretaz oroitu gara; hauek laguntzeko beharra sentitu dugu. Horretarako Saharako Kanpaina izena duen proiektua jarriko dugu abian. Ez da egiten dugun lehen aldia, urteak daramatzagu Saharako errefuxiatuentzat kamisetak eta eskoletarako materiala biltzen. Aurten, ordea, laguntza gure ikastetxeetan eskatu beharrean (Hirukide Gainberri, Jesuitinak eta Eskolapioak) Tolosa osoari eskatzea erabaki dugu, denok izan gaitezen protagonista.

Gehienok dakizuenez –eta ez dakizuenentzat– Tolosa Saharako Bir Lehlu izeneko errefuxiatu kanpamendu batekin anaiturik dago. Anaiturik egoteak, gure anai-arrebak balira bezala tratatu behar ditugula esan nahi du, lagundu egin behar ditugula. Beraiek ez baitute guk dugun zortea. Ez gara tuntunak, gu ere konturatzen gara gaur egungo egoera ez dela besteei laguntzen hasteko hoberena. Hala ere, denok laguntzea nahi dugunez, denok lagundu ahal izango duzue. Laguntzea, etxean dituzuen kamiseta zaharrak ematea bezain erreza da. Zuetako askok izango duzue etxeko armairua garbiketa baten beharrean; bestei laguntzea baino aitzakia hoberik ba ahal dago egiteko? Eta zer esan etxean erabili gabe ditugun boligrafo, koaderno, guraize, arkatz, margola... Bir Lehluko umeen hezkuntza gure etxeetako material eskolar ezberdinean dago.

Beraz, tolosarrok (inguruko herriren batekoa bazara ere, gustura jasoko dugu zure laguntza) gogoratu zaitezte maiatzaren 19an, larunbata, kamiseta eta eskolarako materiala Trianguloara eramaten. Bertantxe izango gara zuen zain, 10:30etik 13:30era.

Proiektu erakargarri eta ilusionagarria da aurrean duguna eta zuen parte hartze aktiboa behar dugu. Eman diezaiogun Bir Lehluko herriari ustekabe eder bat. Erakutsi diezaiogun gure seme, iloba, biloba, lehengusuei... gutxiago dutenei laguntzeak dakarren poza. Sinetsi dezagun mundu berri batean.

Kirikiño Aisialdi taldeko 26 gazte. Tolosa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!