Bederatzi begiratoki berri eskuragarri Tolosan, historian barrena ibiltzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko maiatzaren 15a

Tolosako Udalak bederatzi begiratoki berri jarri ditu herriko hainbat puntutan, datu historiko nahiz artistikoekin. Tolosaren 750. urteurrenaren harira martxan jarritako egitasmoarekin jarraitu nahi izan du udalak, eta berrikuntza moduan, Tolosako Ingurumen Zentroak bisita gidatuak eskainiko ditu.

Bisita hauek, Lehen Hezkuntzako azken zikloko ikasleei begira antolatu dituzte batetik, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei begira, bestetik. Azken hauei, datu gehiago eskainiko dizkiete. Halaber, helduen talde antolatuek ere izango dute bisita hauez gozatzeko aukerarik, Tolosako Ingurumen Zentroko Juan Unzuetak azaldu duenez. Bisita hauen hitzordua zehazteko, 943 65 25 44 telefonora dei egin daiteke, edo baita www.tolosakoiz.net webgunearen bidez  ere.

Azkenik, aipatzekoa da, panel turistikoek QR kodeak izango dituztela, turistek eta bisitariek beren telefono mugikorrekin Tolosako Udaleko webgunera zuzenean sartu ahal izateko, panel guztien berri izatera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!