Paueko epaitegira joango da gaur 09:00etan Manu Azkarate (Tolosa, 1963). Frantziako poliziak martxoaren 7an atxilotu zuen tolosarra Ziburun, ETArekin lotura zuelakoan eta estradizio eskari baten harira. Espainiaratua izango den edo ez erabaki beharko dute orain Paueko epaitegian.
Gernikako akordioaren sinatzaileek deituta, Tolosan, elkarretaratzea egingo dute gaur 19:00etan, Trianguloan.
Nolakoa izango da epaiketa?
Espainiar gobernuak ni estraditatzea eskatu zuen, eta hori aztertuko da. Alde batetik, Espainiatik bidalitako txostenak egongo dira, eta bestetik, nire abokatuak eskariaren aurka aurkeztuko dituen argudio edo arrazoiak.
Erabakia egunean bertan hartuko al dute?
Denbora bat beharko dute horretarako, ez gehiegi, baina zerbait bai.
Zeintzuk dira aukerak?
Normalena eskariari epaileak baiezkoa ematea izango litzateke, eta ondorioz, Espainiara eramango ninduketen. Beste aukera bat, errefuxiatzea izango litzateke, baina hau nahiko zaila da. Epaitegiak denbora gehiago eskatzeko aukera ere badago, informazio gehiago biltzeko eta abar.
Baikor egoteko motiborik ez al daukazu?
Frantsesek, baita Hollandekin ere, betikoa egingo dute: Espainiako agintariek eskatzen dietena. Hegoaldean egoera sozio politikoa nabarmen aldatu da, baina egia da, alde batetik urratsak eman baldin badira, bestetik ez dela mugimendu txikiena ere sumatu. Testuinguru horretan, ez dago arrazoirik baikor egoteko.
Espetxean pentsatzen hasia zara, beraz.
Aspalditik daukat pentsamendu hori barneratuta. Niregatik baino, familiagatik ematen dit min. Seme-alabak, neskalaguna,... Azken finean, eurek ni baino gehiago sufritzen dute.
Espainiaratzen baldin bazaituzte, inkomunikazio garairik egongo al zen?
Ez, ez dago Guardia Zibilaren eskuetan erortzeko arriskurik; zorionez. Hori frantsesek ondo zaintzen dute; badakite beste aldeko errealitatea zein den, tortura, inkomunikazioa eta abar… Frantsesek zera esaten dute: beste aldean nahi duzuena egin, baina hemen ez dugu onartzen eta ez dugu onartuko horrelako gertakariekin lotuta gure izena azaltzea, kolaboratzaile bezala.
Normalean hegazkinez Barajasera eramaten zaituzte, eta bertatik Auzitegi Nazionalera. Epaileak bi gauza irakurtzen ditu, eta zuzenean espetxera. Zergatik Espainiaratu nahi zaituzte?
Kalean betetzen ari naizen kondenaren baldintzak hautsi izana leporatzen didate; egunero joan behar nuen Ertzaintzarengana, Martutenera, eta hori haustea. Lege prozeduran ez dago ezer berririk. Orain, kondena amaitzeko falta zaidana betetzea eskatzen dute. ETAko militantea eta abar esaten dute, baina ez dago lege prozedura berririk; 1983an epaitu eta zigortutakoarengatik ari dira.
Espetxetik osasun arazo kronikoengatik irten zinen.
Hori da. Epailearen eta poliziaren kontrolpean ari nintzen kondena betetzen.
Martxoaren 7an atxilotu zintuzten. Nola gogoratzen duzu gertatua?
Etxetik atera eta mugimendu arraroak ikusi nituen egun horretan. Ondoren, auto bat gerturatu eta hiru pertsona jaitsi ziren, kaleko jantziz; berehala eraman ninduten, bortxarik gabe. Hemen atxiloketak horrela izaten dira, nahiko lasai. Argi nuen atxiloketa denbora kontua izango zela, eta horrela izan zen.
Zuzenean eraman al zintuzten Pauera?
Hasieran Baionako polizia etxera eraman ninduten. Datu batzuk hartu, ni nintzela ziur egoteko galdera batzuk egin eta medikuarekin eta abokatuarekin egoteko aukera izan nuen. Hemen poliziaren eskuetan egoteak ez dauka beste aldekoarekin zerikusirik. Baionatik Paueko epaitegira eraman ninduten, horrelako gauzak bertan erabakitzen baitira. Pauen, fiskalak mediku txostena ikusi ondoren, prozedurak aurrera egiten zuen bitartean ni aske uztea eskatu zuen. Orain egoera horretan nago, astean birritan polizia etxera joan beharra daukat sinatzera.
Euskal Herrian egoera aldatu dela aipatu duzu lehen, baita urratsak alde bakarrekoak izan direla ere.
Ez da oso azkarra izan behar horrelako irakurketa bat egiteko, oso nabarmena baita. Egia da, prozesu hau aurrera eramatea erabaki zenean, berehala azpimarratu zela alde bakarreko prozesua izango zela. Aurreko negoziazio prozesuekin ez dauka zerikusirik oraingoak. Urratsak guk emango ditugu, guri komeni zaigun neurrian; ez gara besteek egiten dutenaren zain egongo. Horrek ez du esan nahi, prozesua ongi bukatzeko, besteek ezer egin behar ez dutenik, baina egia da oraingoan euren jarrerak ez gaituela horrenbeste baldintzatzen.
Prozesua kontuan hartuta, eta aurrera begira jarrita, buruketarik egiten al duzu ?
Noizean behin etsaiaren lekuan jartzen saiatzen naiz, eta oso zaila daukatela konturatzen naiz. Garaipen militarra lortuko zutela espero zutenean, hemen estrategia aldaketa bat egon da. Ezker abertzalea inoiz baino ahulago zegoenean, aldatzeko gai izan da, eta gaur egun inoiz baino indartsuago eta inoiz baino perspektiba hobeagoarekin dago. Zentzu horretan, istorioa ondo bideratuta dago. Espainiako gobernua urratsak ematen hasten baldin bada, gure jendeak garaipen bezala hartuko luke; badakite euren aurretik tsunami bat bezala pasa gaitezkeela. Horren aurrean, intrantsigentzia itsura eman behar dute, Arnaldo Otegik azken gutunean esaten zuen bezala, sentsazio faltsu hori zabaldu behar dute.
Gero, ordea, Argentinatik edo Boliviatik iritsi zaiena ezer esateko aukerarik gabe irentsi behar izan dute.
Bestalde, urratsik eman gabe jarraitzen baldin badute, gertatzen ari zaiena gertatuko zaie, gero eta bakartiago geldituko direla. Jasangaitza da beraien diskurtsoa. Estrategia honekin, badakite bai ala bai garaipen politikoa gure eskuetan dagoela; bai behintzat gauzak ongi egiten baldin baditugu, hain zuzen ere, egiten ari garen moduan.