Wukro-ko (Etiopia) herritarrentzat kanaberak erosteko finantziazioa lortzeko helburuz, bertso jaialdia izango da bihar, Leidor aretoan, 22:00etan.
Etiopia Utopia fundazioak, Euskadi Irratiaren eta Tolosako Udalaren laguntzaz antolatu du egitasmoa, eta fundazioak Tolosaldean burutuko duen lehen jarduera izango da biharkoa.
Oholtza gainean, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Julio Soto, Sustrai Colina, Iker Zubeldia eta Aitor Sarriegi bertsolariak ariko dira, eta Unai Elizasuren gaien arabera moldatuko beharko dute bat-batean. Saiora bertaratu nahi dutenek, 10 euroren truke sarrera eskuratu ahal izango dute; Tolosan, Raku, Orbela, Kantabriko eta Denak tabernetan izango dira salgai, eta baita Leidor aretoko leihatilan ere. Villabonan, berriz, sarrerak Amasa kafetegian erosteko aukera izango da.
Giza sarea, elkartasunerantz
Irabazi asmorik gabeko erakundea da Etiopia Utopia fundazioa. Etiopiako Tigray eskualdera, eta bereziki Wukro-ra begirako egitasmoak antolatzen dituzte, bertako garapenerako laguntza emanez. Fundazioak gizartean sare moduko bat sortu nahi izan du hasiera-hasieratik, xede horietara iristeko; herritarrek, horrela, norbanako moduan nahiz erakunde publiko eta pribatuen bidez parte har dezakete elkartasun jarduera hauetan.
Kanaberak Etiopiara proiektuak, hiru jomuga nagusi ditu: ura alferrik ez galtzea, higaduraren eraginez ibaiak ez agortzea eta Wukro-ko herritarrek baratze oparoak izateko behar dituzten kanaberak lortzea.
Etiopia Utopia elkarteak azaldu duenez, Trigay eskualdeko txirotasuna hertsiki loturik dago, bertako ingurumenaren egoera txarrarekin. Izan ere, eurite handiek eta landaredia eskasak, higadura larriak sor ditzake, eta honi aurre egiteko baliagarria litzateke, lurra eta ura kontserbatzeko trataera bereziak erabiltzea.
Horrela beraz, Etiopiako biodibertsitatea nahiz nekazarien bizi baldintzak hobetzeko, hainbat jarduera zehatz zehaztu ditu Etiopia Utopia fundazioak proiektu honetan: posible den lekuetan ibai ertzaren forma aldatzea; zuhaitz, zuhaixka eta landareak era naturalean birsortzeko lan egitea; eskualde horretarako baliagarriak izan daitezkeen landare eta zuhaitzak landatzea; azkenik, bertako biztanleak kontzientziatu nahi dituzte, 200 nekazal etxeri formakuntza eskainiz.
«Fundazioan sartzeko gogoa nuen aspalditik»
Aiala Nuñezek (Tolosa, 1988) hilabete batzuk daramatza Etiopia Utopia fundazioko komunikazio sailean. Elkartearen jardunak erakarri izan du beti, eta ikasketak medio hasi da bertan.
Bihar bertso saioa izango da Tolosan, Kanaberak etiopiara egitasmoaren alde. Nolatan sortu zen ideia?
Etiopia Utopia fundazioak hainbat jarduera eta egitasmo antolatzen ditu, finantziatzeko. Ekimen hauek guztiak publikoari irekiak izaten dira, herriak parte hartzeko helburuz. Fundazioak jarduera hauetako gehienak Donostian eta inguruan antolatu izan ditu orain arte, bulegoak han baitaude. Honen aurrean, egitasmoak zertxobait zabaltzea erabaki zuten. Neroni duela gutxi sartu naiz Etiopia Utopia fundazioan, eta lehendik ere beste tolosar bat bazenez, Kanaberak Etiopiara egitasmoa Tolosan antolatzea erabaki zuten, eskualde honetan ere beren berri izan zezaten. Fundazioko zuzendariak Lanku enpresari proposatu zion bertso saioaren ideia, eta horrela hasi zen guztia.
Denbora gutxi daramazu fundazioan, beraz.
Duela urte batzuk, lagun bat Etiopian izan zen fundazioarekin lanean, eta esperientzia izugarri gustatu zitzaionez fundazioan sartu zen. Handik itzuli zenean, Etiopia Utopiarekin antolatzen zituzten jarduerak eta ekimenak kontatzen zizkidan, eta oso interesgarriak iruditzen zitzaizkidan. Halako fundazio batean sartzeko gogoa nuen, beraz, aspaldidanik.
Eta nolatan suertatu zaizu kide izateko aukera?
Kontua da, duela hilabete batzuk, ekitaldien antolakuntzaren inguruko masterra ikasten hasi nintzela; proiektu bat egin behar du masterrerako. Horrela beraz, eta beti fundazioarekin gora eta behera nenbilenez, proiektua egitera fundaziora joatea bururatu zitzaidan. Proposamena aurkeztu nien, eta baiezkoa eman zidaten; bide batez, fundazioko kide izateko gonbidapena ere egin zidaten. Eta horrelaxe hasi nintzen.
Eta zein da zure ekarpena Etiopia Utopian?
Fundazioak pertsona espezializatuak hartzen ditu, hau da, fundazioan ariko diren jardun horretarako prestakuntza jaso dutenak. Nire kasuan, esaterako, Publizitatea eta harreman publikoen ikasketan egin nituenez, fundazioko komunikazio sailean hasi nintzen. Hamasei bat lagun aritzen gara sail horretan, eta fundazioak martxan jarriko duen proiektua behin betiko erabakitzen duenean, gutako bakoitzak betebehar bat izaten du. Bertso saioaren kasuan, adibidez, sarrerak banatzen, kartelak jartzen nahiz prentsa oharrak itzultzen aritu naiz ni.