Urtarrilaren 15ean egin zuten Amaroz Paper Fabrika enpresaren kitapena, eta martxoaren 26an eman zioten iraungitzea, beraz, data horretan eten zituzten langileen kontratuak. Azken urteotan 120 langile inguru gelditu dira kalean, horietatik 105 behin betiko itxi denean.
Tolosan zegoen azkeneko paper fabrika zen Amarozkoa. Jarduera gaizki zegoela ikusita, saiakera egin zuten Legorretako Paperalia enpresa erosiz, tartean langileek ere dirua jarriz, baina azkenean ezin izan dute lantegia aurrera atera.
Langile gehienak 50 urtetik gorakoak ziren. Zenbaitzuk, zortzi inguru, aurrejubilazio egoeran zeuden, baina enpresa itxi denez, horiek ere langabezian gelditu dira. «Azken urteotan ez zen langile berri asko sartu, eta beraz, gazte gutxi zeuden enpresan», dio Benito Sanchezek, enpresan LABeko ordezkaria izan zenak. Langileetatik batzuk, 15 inguru, lana lortu dute beste paper fabrika batzuetan.
Luis Manuel Agirre papergintzako ELAren arduradunak azaldu duenez, bilera egin zuten langileekin jubilaziora begira egon daitezkeen arazoen berri emateko. «Lege berriarekin 61 urte arte itxaron behar dute jubilatzeko. Tarte horretan lan hitzarmen bat eginez gero, adibidez sei hilabetekoa, agian ez dira gero jubilatuko 61 urterekin, baizik 63 urterekin. Kontratu bat tartean izanik, itxi den enpresa batean lanean zeuden baldintza desagertu egiten da legearen arabera».
Egoitz Iturbe ELAko koordinatzaileak zehaztu duenez, lege berriak adin horietako langileei «guztiz kaltetzen» die: «Alde batetik, zaila da lana lortzea, eta, bestetik, lana lortuz gero, jubilazioa kobratzen hasteko kaltegarria da». Amaroz Paper Fabrikako langileen artean hainbat egoera daudela dio Agirrek, eta horietako batzuk «oso larri» daudela.
Olatz Amiano LABeko ordezkariak azaldu duenez, paper fabriken egoera «benetan txarra» da. «Zortzi paper fabrika bakarrik gelditzen dira Gipuzkoan; horietatik gehienak eskualdean daude, eta zenbaitzuk nahiko egoera kaskarrean daude». Historian zehar Tolosaldeak paper fabrikekin izan duen identifikazioa galtzen ari dela dio Amianok.
Agirrek, bere aldetik, etorkizunari begira enpresa batzuk ez dutela inongo arazorik izango dio. «Hori bai, enpresa bakoitzak bere historia du».
Amaroztik Legorretara
Amaroz Paper Fabrika 1868an jarri zuten martxan, beraz 143 urte zituen itxi zenean. Ekonomikoki okertzen hasi zenean, 1992an, paper pasta egiteko alorra itxi zuten. «Orduan langile kopurua dezente jaitsi zen», dio Sanchezek. Hamar urte inguru «nahiko ondo» aritu zirela dio, eta 2006an esan zieten langileei enpresa gaizki zihoala.
«Langileei dirua jartzeko esan ziguten, bestela enpresa itxi egin behar zela», dio Sanchezek. 2007ko martxoa zen itxierarako aurreikusten zen data. Enpresako bazkide batek utzi egin zuen, eta langile gehienek dirua jarri zuten, 10.000 euro, batez beste, eta administrazio kontseiluan bi ordezkari izan zituzten.
Amaroz Paper Fabrikako zuzendaritzatik azaldu dutenez, «ez bazen kapitalaren handitze hori egin, seguruenez Tolosan bertan hilko zen enpresa». Paper fabrika aurrera ateratzeko aukera ikusi zuten zordunen lehiaketan zegoen Legorretako Paperalia erosi eta lantegi hura martxan jartzea, Amarozko lurzorua birkalifikatu ondoren.
Tolosako Udalak azaldu zuenez, gehienez 300 etxebizitza egin ahal ziren paper fabrikaren lurzoruan, zuzendaritzatik zehaztu dutenez. «Garai horietan, 2007 hasieran, 20 milioi euro inguru lortzeko aukera ikusten genuen, etxebizitzen merkatua nola zegoen ikusita». Paperaliarengatik gehienez 10 milioi euro ordaintzeko asmoa zuten, 20 milioi arte geldituko zenarekin inbertsioak egiteko instalazio berrietan. Baina, aurreikuspen horiek ez ziren gauzatu.
Paperaliarengatik egindako eskaintza 2007ren bukaera arte ez zela onartu esan dute zuzendaritzatik, eta orduan jarri zuela Tolosako Udalak martxan birkalifikazio prozesua. «Birkalifikazioa 2008ko martxoan iristen da, eta ordurako ez zegoen promotorerik», diote zuendaritzatik. «Aurretik interesa zuten promotore guztiak desagertu egin ziren, eta bakarrik Orubide azaldu zen. Honen eskaintza 13 milioietakoa izan zen».
Lurzoruak emango zuen diruaren aurreikuspenak jaisteak ondorio zuzena izan zuen enpresaren etorkizunean, zuzendaritzaren arabera: «13 milioiekin ez zen nahikoa eta hor berriro langileek kapital handitze bat egin zuten eta Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren laguntzak ere jaso ziren. Baina 18 milioi eurotara ez ginen iritsi, eta gutxienez 20 milioi beharrezkoak ikusten genituen Legorretan martxan ondo jartzeko». Bigarren kapital handitzean, batez beste, 4.000 euro inguru jarri zituen langile bakoitzak, Sanchezek dioenez.
2008ko apiriletik 2009ko uda arte Legorretako instalazioak moldatzen aritu ziren. Urtebetez aritu ziren lanean. «Finantziazio aldetik herren hasitako proiektua izan da», diote zuzendaritzatik, «eta hainbat arazori aurre egin beharrean izan gara: hornitzaileen finantziazioaren galera, zelulosa eskasia eta konfiantza galera bankuen aldetik».
Hainbat egoera batera jasan zituztela diote zuzendaritzatik. «Ez gara gai izan arazo guzti horiei buelta emateko, eta zoritxarrez Legorretako instalazioei ez zaie eman aukera erakusteko hor enpresa lehiakor bat egitea zegoenik». Zuzendaritzatik gaineratu dutenez, «langile guztiak egon gara oso identifikatuta enpresarekin eta berau aurrera ez ateratzea kolpe gogor bat suposatu du denontzat».
Zuzendaritza eta langileen artean harreman «nahiko ona» izan dela dio Sanchezek. Kudeaketan ez zirela guztiz fin aritu zehaztu du: «Zuzendaritzak gehiago begiratu zion finantziazioari eta alde batera utzi zuen produkzioa». Egoitz Iturbek azaldu duenez, «azken urteak gogorrak izan dira langileentzako, proiektuari irtenbiderik ez baitzaio ikusi».
2011ren hasieran zordunen lehiaketa martxan jarri zen. Zuzendaritzak inbertitzaile berriak izateko aukerak aztertu zituen, baina ez da ezertan gauzatu.