Gutuna: etxeko ospitalizazio zerbitzua

tolosa 2012ko maiatzaren 2a

Asuncion klinikak Osakidetzarekin daukan hitzarmenean sinatuta dagoen bezala, martxan jarri du etxeko ospitalizazio zerbitzua . Zerbitzu honek, ospitaleratuak izan gabe, gaixo mota batzuen zaintza beharrak betetzen ditu (gaixo paliatiboak, gaixotasun kronikoak dituztenak…).

Lehenik eta behin, esan, ez daukagula inongo arazorik etxeko ospitalizazio zerbitzuarekin, esan bezala oso lan ona egiten delako. Arazoa Asuncion klinikak emango duen  zerbitzu zehatz honekin daukagu, arrazoi hauengatik:

1- Asuncion klinikak emango  duena, Donostia Ospitaleak Tolosaldeari duela urte asko  eman diona ordezkatzen du; erabiltzaileak oso gustura zeuden eta guk erreferentzi bezala eta konparatzeko hartzen dugu. Ezin ahaztu, ez garela zerotik hasten, Donostia Ospitaletik ematen zen zerbitzua maila profesional altukoa zen ( gizatasun, enpatia eta asertibitateaz… gain) eta orain urritzen ari dela ikusten dugu.

2- Asuncionek emango duen zerbitzu zehatz hau, profesional kopuru aldetik eskasa da:

Osakidetzarekin sinatutako akordioan jartzen duenez, zerbitzu hau hiru medikuk osatu behar dute, baina, kasu honetan bi medikurekin bakarrik hasi da, eta beraietako batek zerbitzuburu lana egiten du, gainera.

Beste eskualdeetako ospitale publikoek ematen duten zerbitzuarekin konparatuz gero, kopuru hau oraindik eskasagoa dela ikusten da: 3 mediku Deba Garaia eta Bidasoan; 4 mediku Mendaron; eta 5 mediku Zumarragan. Guzti hauetan medikuez gain, beste bat dago zerbitzuburu lanetarako.

3- Beste arazoa kualifikazio mailarekin dugu: hitzarmenean bertan irakurri daitekeen bezala, eta beti ere beste eskualdeetako ospitale publikoetakoa erreferentzi moduan izanda, zerbitzu hau osatzen duten medikuek espezializazio maila zehatzak izan behar dituzte:  barne medikuntza edo familia medikuntza.

Asuncion klinikak martxan jarri duen zerbitzu hau aztertzen badugu, lanean dauden bi medikuetatik inork ez du kualifikazio maila hori, mediku orokorrak dira.

Urrutitik eta prentsako hainbat erreportajeren laguntzarekin benetako zerbitzua daukagula pentsatu daiteke, baina ondo aztertzen jarrita, sare publikoan ematen denetik oso urruti dagoela ikusten da.

Etengabe entzuten ari gara Asuncion klinikak beste eskualdeetako ospitale publikoek ematen duten zerbitzu eta kalitate maila emango digula. Bai honekin eta baita beste gai batzuekin ere, garbi gelditzen da ez duela hitzarmenetan sinatutakoa ere betetzen, eta Tolosaldeako osasun arretaren kalitate maila jaisten ari dela .

Non dago Osakidetza eta Osasun sailetik saldu nahi diguten beste eskualdeekiko  berdintasuna?

Non daude ikuskaritza lanak zerbitzu kalitate hori bermatzeko?

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma. Tolosa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!