«Bestelako Euskal Herria» eraiki behar dela dio LAB sindikatuak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko maiatzaren 2a

12:00etan abiatu zen atzo, Tolosaldea eta Goierriko langileak bildu dituen LAB sindikatuaren manifestazioa. Langileon Euskal Herria helburu, lotu borrokari! lelopean, «bestelako Euskal Herria»  eraikitzeko beharra nabarmendu zuten.

Sindikatu abertzaleak «aberastasunaren eta lanaren banaketa justuan» oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko deia egin zuen, eta sektore publiko sendo eta eraginkorra, osasun eta hezkuntza unibertsala, babes soziala, nahiz emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna ere ildo nagusitzat jo zituzten, 800 pertsona inguru elkartu ziren manifestazioan. Bide horretan, errespetua eskatu zuten: «Denaren gainetik, erabakiak herritarrok hartu behar ditugu».

Inposaketen, murrizketen eta erreformaren aurkako oihuak entzun ahal izan ziren ibilbidean barrena, eta baita banketxeen aurkakoak ere. «Ez daude behartuta hartzen dituzten neurri guztiak hartzera, horrela egitea erabaki dute: herritarrak miseriara kondenatu dituzte, ‘merkatuak lasaitzeko’», azaldu zuen sindikatuak.

Honen guztiaren aurrean, «bide bakarra» ikusten dutela azpimarratu zuten bertaratuek: «Euskal Herria eta euskal herritarrak burujabeak izatea. Burujabeak merkatuen diktaduraren aurrean, burujabeak estatuen inposaketen aurrean. Egoera irauli behar dugu horretarako, galdutako boterea berreskuratu behar dugu». Aipaturiko botere horiek berreskuratzeko, «borrokatu egin behar» dela aldarrikatu zuten, era berean.

Hitz batean, LABen ustez, bestelako Euskal Herria eraikitzeko momentua da: «Momentua da patronalaren asmoak lantokiz lantoki eta sektorez sektore gelditzeko, bankuari gure bizitzekin ez dela jolasten argi uzteko eta erakundeak herritarron zerbitzura kokatzera behartzeko. Ez dute sekula lortuko euskal langileria burumakur eta etsita ikustea».

Azken neurrien aurka

Tolosaldeko LAB sindikatuko langileek, 2012ko Maiatzaren Lehena «testuinguru berezian» etorri dela azaldu zuten pasa den astean: «Krisi ekonomiko bete-betean, astez aste erabaki eta murrizketa berriak inposatzen ari dira; azkenak, osasungintzakoak eta hezkuntzakoak».

Honen harira, eskualdean osasun publikoaren esparruan dagoen auzia hizpide izan zuten, eta TOPA koordinakundearekin batera, Asuncion klinika publiko egiteko beharra nabarmendu zuen sindikatuak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!