Oinez oin, errima bat bestearenganaino eramate horretan aritzen dira, ostegunero, Tolosako helduen bertso eskolako kideak. Duela bizpahiru urte lagun talde txikia elkartzen hasi zen, baina gaur egun, eskualdeko 23 bertsozale ingururen hitzordua izaten da Lizardi elkartekoa, ostegunero.
Antzina, belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho transmititzen zen zerbait zen bertsolaritza. 1980ko hamarkadan bilakatu zen, bat-batekoa, irakas zitekeen zerbait. Xabier Amurizak izan zuen, horretan, eraginik handiena, Zu ere bertsolari argitaratu baitzuen, bertsolaritza irakasteko metodo didaktikoak azalduz. Hasiera hartan, askok ideia erotzat hartu zuten Amurizak proposatutakoa; bertso eskolen loraldia, ordea, hazi egin zen pixkana, eta, gaur egun ezinbesteko zerbait dela uste dute Tolosako bertso eskolako Mikel Artola eta Amaia Agirre irakasleek.
«Bertsolaritza gaur egun dagoen egoeraren arrazoi nagusia, Bertsozale Elkartearen sorrera eta lana da, izan zuten intuizioa miresgarria da», dio Artolak. Dena den, euskal kulturaren arloan jende askok borondatez egiten duen lana du interesgarritzat alegiarrak, bertsolaritzak gaur egunera bitarte iraute horretan.
Orain dela bi urte inguru jaso zuen Mikel Artola alegiarrak, Bixente Gorostidiren deia: «Tolosan bertso eskola martxan jarri nahi zutela eta, lagunduko ote nien esan zidaten. Orduan ez zen irakaslerik, eta ostegunero biltzen hasi ginen. Taldea sortzea eta eustea izan zen lehen helburua, aurtengo ikasturtean indar gehiagoz jarraitzeko. Hala izan da, eta Amaia Agirre eta biok gabiltza aurten».
Iaz elkartzen hasi zen talde hura handitzen joan zen pixkana, eta ikasleen arteko maila ere desberdina zen. «Beste irakasle baten beharra antzeman zuten, eta bi talde egin zituztenez, nik bietako baten ardura hartu nuen», dio Amaia Agirrek.
Bi irakasleak bat datoz Tolosako bertso eskolako giroarekin. «Astero-astero denok elkartzea zaila izaten da, baina jendea ilusioz eta gogotsu ari da, eta askorentzat asteroko zita garrantzitsua izaten da. Oso giro ona dugu denon artean, eta horrek taldeari izaera polita ematen dio», nabarmendu du Agirrek.
Mikel Artolak, bere aldetik, taldea handi samarra dela dio, baina bertsozaleak animatuko lituzke Lizardira bertaratzera: «Nahi duenarentzat sarrera libre dago Lizardin. Talde jatorra aurkituko du etortzen denak».
Bertsoak duen xarma hori
1.200 ikasle aritzen dira Tolosaldean, hezkuntza arautuan, bertsolaritza ikasgelan lantzen. Amaia Agirre eta Mikel Artola ere aritzen dira, haur eta gaztetxoei bertsotan erakusten. Haurrek eta helduek bertsoarekiko duten jarrera, ordea, oso desberdina dela diote biek.
Ikasleen gogo, helburu eta jarrerak nabarmendu dituzte biek, desberdintasun moduan. «Haurrek gora-behera asko izaten dituzte, eta batzuetan gustura dauden arren, besteetan etxera alde egin nahi izaten dute. Helduen motibazioa askoz ere iraunkorragoa da», dio Artolak. Amaia Agirrek ere, helduen helburuak azpimarratu nahi izan ditu: «Bestelako helburuak dituzte, oro har. Bertsoarekin gozatzea, lagunarte bateko parte sentitzea, baloreak lantzea eta kantuan gozatzea bilatzen dute helduek. Bertsoarekiko duten maitasun eta zaletasun hori garatzeko lekuak dira eurentzat bertso eskolak».
Hala ere, zer ote du bertsoak, Tolosako Lizardi elkartean hainbeste jende elkartzeko? «Bertsoak baino, inguruan elkartzen den jendeak aberasten du bertso eskola. Gainera, bertsogintza ez da bertsoak sortzea soilik. Horren atzean balore eta aberastasun handiak daude», Amaia Agirreren ustez. «Bakoitzak bere aletxoa ezartzen dio taldeari, eta denen artean sortzen den konplizitatea emankorra da, oso. Elkarri entzuten jakitea, batak bestea den bezala onartzea eta talde bateko partaide sentitzea, izugarria da gaur egun bizi garen gizarte honetan», gaineratu du.
Bertsoaren bat-batekotasuna azpimarratzea gustuko duela dio, kasu honetan, Artolak: «Bertsoak badu beste kultur adierazpide askok ez duten zerbait: bat-batean egin beharrak sortzen duen bertigo edo zirrara hori. Jakina, gaur egun bertsolaritzak duen prestigioak ere laguntzen du jendea bertso eskoletara erakartzen».