Nazioarteko Liburu Eguna dela eta, urtero bezala, Literatur Astea antolatu dute Samaniego ikastetxean egun hauetan. Gaur izan da azken eguna eta irakurketa maratoia egin dute. Ekitaldi horri hasiera emateko Tolosako haur liburutegiko Susana Larre eta Bixente Gorostidi bertsolaria gonbidatu dituzte eta ondoren etengabeko irakurketari ekin diote, eskolako haur guztiak, Orixe institutuko eta Tolosaldeko lanbide eskolako hainbat ikasleren laguntzaz.
Samaniego eskolatik azaldu dutenez, "Literatur Aste honen arrakasta, jende xumearen partaidetzan datza". Zenbaitetan kanpotik idazleak edo ipuin kontalari profesionalak ekartzen badituzte ere, egitarauaren zatirik handiena "normalean horretan ohituta ez dagoen jendeak betetzen du", esan dute Samaniegotik. "Laguntzeagatik, zerbait egiteagatik, parte hartu nahi dutelako etortzen dira", gaineratu dute.