Android-ei buruzko tailerrak izango dira seigarren Gipuzkoa Encounterren

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko apirilaren 26a

Gailu mugikorrentzako Android plataformaren inguruko formakuntza izango da, datorren apirilaren 28tik 30era bitarte, Tolosako Usabal kiroldegian ospatuko duten seigarren Gipuzkoa Encounterreko berrikuntza nabarmenetakoa.

Aurten, aurreko urteetako marka hautsi du Gipuzkoa Encounterrek, izan ere, izen ematea ireki zen unean, 12 minututan agortu ziren eskuragarri zeuden 400 eserlekuak. Taldeka nahiz bakarka izena emateko aukera izan da aurten ere, eta parte hartzaile bakoitzak 20 euro ordaindu behar izan ditu Usabalgo eserleku bat eskuratzeagatik.

Larunbat honetan, apirilaren 28an, 10:00etan hasiko da jaia, eta hilaren 30eko 17:00ak arte bertan egoteko aukera izango da. Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazioak antolatuta, Euskalamiga elkartea ariko da guztia koordinatzen, eta Euskaltel nahiz Sprit (Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo saila) izango dira laguntzaileak.

Besteak beste, Gipuzkoa Encounterrek duen arrakastaren giltzetako bat izan ohi da interneteko konexioaren abiadura: parte hartzaileek, segundoko gigabyte bateko abiaduran nabigatu ahal izango dute sarean. «Nabarmen handitu ahal izango dute etxeetan izan ohi den konexio abiadura», diote antolatzaileek.

Software librea atala

Gipuzkoa Encounter jaiak iraungo duen hiru egunetan, gailu mugikorrentzako Android .plataformaren inguruan eskainiko dituzten formakuntza tailerrak izango dira berrikuntza nagusia, software librearen atalean; bi maila bereizi dituzte antolatzaileek, hastapenetan dauden parte hartzaileak eta aurreratuak bi taldetan banatzeko. Eremu honetan aditua den langile bat ariko da formakuntza ikastaro hauek eskaintzen: «Izena eman dutenek aukera izango dute, informatikaren munduan hazteko ahalmen gehien duten alorretako batean trebatzeko».

Era berean, informatikaren inguruko jarduerak jendartearen eguneroko errealitatearekin ere uztartu nahi izan ditu, aurten, Tolosako Udalak. Bide honetan, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna sustatzeko hainbat jarduera martxan jarriko dituzte, Gipuzkoa Encounterrak iraungo duen hiru egunetan. Esaterako, mural bat jarriko dute Usabal kiroldegiko sarreran, hala nahi duen edonork bere ekarpena egin dezan. Halaber, Install Party izeneko egitasmoa ere antolatu dute: «Gure garuneko ohitura eta sinesmen matxistak ‘desinstalatzeko’ eta burua programa egokiak ‘instalatzeko’».

Jarduera nagusiak

Urteroko berrikuntzez gain, Gipuzkoa Encounter festako egitarauan beste hainbat jarduera nabarmen izango dira.

Horietako bat, arte digitaleko lehiaketarena izango da; ordenagailu bidezko irudiak eta musika sortu ahal izango da lehiaketa honetan, eta programazio jarduerak ere izango dira. Finean, honako ataletan aurkeztu beharko dira baliabide digitalekin egindako artelanak: 2D grafikoak, 3D grafikoak, Wild Compo, High Quality Music eta Fast lehiaketa.

Jokoei dagozkien lehiaketetan sail hauek izango dira: Street Fighter X Tekken, FIFA 2012, Kinect Dance Central 2, Starcraft II, League of Legends, Minecraft eta Trackmania.

Hardware-aren atalean hiru sail nagusi egin dituzte aurten, «modder berriei ere ateak irekitzeko»: Future modding tournament lehiaketa, Arduinori buruzko lantegia eta hozte-sistemei buruzko hitzaldia.

Azkenik, urteroko lehiaketarik bitxienak ere ez dira faltako Usabalen: ukitu fotografikoa, bikoizketa lehiaketa, CD eta DVD jaurtiketa, fast ipuina, Real Angry Birds, Fast Crimping, zaku lasterketa, fast mugikormetraia, antzekotasunak eta maskota lehiaketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!