Pasa den asteartean, Tolosako Udaleko osoko bilkuran, onartua izan zen Bildu, Aralarrek eta EAJk Euskaltegiaren finantziazioaren inguruan aurkeztutako mozioa: azken urteotan udal euskaltegiek HABEren eta Eusko Jaurlaritzaren bidez jasotzen dituzten diru laguntzek «etengabeko murrizketak» jasan izana salatu zuten, besteak beste.
HABE eta udal euskaltegiak elkarlanean aritzen dira, 1983ko lege baten arabera. Mozioaren bidez, azkenaldiko murrizketen «udal euskaltegien jarraipena arriskuan» jartzen dutela azaldu nahi izan zuten, eta era berean, udalen eta HABEren arteko elkarlana orekatua ez dela uste dute: «Erakundeak jokoaren arauak aldebakartasunez aldatzeko eskubidea baitu».
Horrela beraz, Tolosako Udalak «kezka» azaldu du HABEk udalekin 2010ean sinatutako finantziazio hitzarmena «alde bakarreko erabaki baten bitartez apurtu izanagatik». Tolosako Udalak auzi honi «ardura politiko osoz» erantzuteko konpromisoa hartuko duela ere nabarmendu zuten, «helduen euskalduntze alfabetatzearen mugimenduak atzerapenik izan ez dezan».
Nafarroako konkistaz
Era berean, duela 500 urte gertatutako Nafarroako konkistaren omenezko ekitaldietan parte hartuko du udalak, eta herritarrei ere parte hartzeko deia egingo die, honen inguruan onartutako mozioak azaldu zuen moduan.