Datorren ekainean ospatuko dituzte San Joan jaietarako egitarauarekin, lan proposamena egin du Tolosako Udalak, eta interesa dutenek, egitaraua diseinatu, kudeatu nahiz argitaratzearen ardura hartu beharko dute.
Udalak egindako deialdian parte hartu nahi dutenek, zehaztasunez azaldu beharko dute lanaren ezaugarria, publizitate moduluen kokapena nahiz salneurria, eta atal bakoitzak udalarentzat ekarriko duen kostua. Lanaren formatuari dagokionez, berriz, udaleko arduradunek "edozein formatu" onartuko dutela azaldu dute. Dena den, proposamen guztien kalitatea eta ezaugarriak 2011ko egitarauaren parekoak izan beharko dutela nabarmendu dute: orrialde kopurua, neurria, kolora nahiz publizitate kopurua.
2012ko San Joan jaien egitaraua egiten duenak, bere gain hartu beharko ditu egitarauko argazkiak, sormenari dagozkion ñabardurak eta diseinua; era berean, Tolosako Udalak aukeratzen duen proposamenaren egileak kudeatu beharko du, bai publizitatea, baita inprimategiko lanei dagokion atala ere. Honen harira, aipatzekoa da, aukeratutako proposamenaren egileak 11.000 egitarau handi, 11.000 egitarau txiki eta 500 kartel argitaratu beharko dituela.
Bere aldetik, Tolosako Udalaren ardura izango da, egitarauaren egilearen lana gainbegiratzea, egitarauaren banaketa era egitarauaren testuak egileari helaraztea.
Datorren maiatzaren 4a izango da, San Joan jaietako egitaraurako proposamenak aurkezteko azken eguna. Maiatzaren 28an, egitarauaren maketa nahiz karteleko diseinua aurkeztu beharko dira, eta azkenik, ekainaren 11n, 08:00etan, Tolosako Udalari lan bukatua entregatzeko epea amaituko da.