Bidebideren garaipen garrantzitsua, Servical La Peñaren aurka

tolosa 2012ko api. 24a, 10:27

Bidebide Ibiza Saskibaloi taldeak etxean garaipena eskuratu zuen 79-62 Servical La Peña Basket taldearen aurka. Sailkapen orokorrean 4. postuan daude tolosarrak, hirugarren postuan dagoen Seky.es taldearekin berdinduta.

Larunbatean, bilbotarrak nahiz eta azken partida galdu, ez dituzte besoak erraz jaisten, eta hori erakustera etorri zen Tolosara. Partida pattal hasi zen Bidebideko mutilentzat. Bilbotarrek erraz aurkitzen zuten saskirako bidea, eta atzean ez zen lan onik egiten. Baloi ugari galtzen ziren. Lehen hamar minutuetan 17-21eko emaitza adierazten zuen markagailuak.

Etxekoak nahi eta ezin batean murgildurik egon ziren. Gauza asko egiteko grina bai, baino amaitzea falta zen. Hala ere taldeak kasta eta gogoarekin defentsan hobetu zuen, eta laurden horretan, 22-16ko partzial batekin, atsedenaldira bi puntu aurretik joatea lortu zuen.

Atsedenaldiaren ondoren partidua asko trabatu zen. Bilbotarren protestek entrenatzailea eta jokalari bat kaleratzea eragin zuten. Jaurtiketa libreek eta kontraerasoen ateratzeko erreztasunak baliatuta azken laurdena 60-45 hasi zen. Hortik aurrera abantaila mantentzea zen helburu. Partidaren erritmoa moteldu eta aulkia mugituaz taldeak erakutsi zuen oraindik hankak fresko daudela eta lanerako prest. Partida itsusia baino eraginkorra izan zen.

Egun hoberenetan ere irabazten jakin behar dela erakutsi zuten. Lau jardunaldi geratzen dira, eta inork gutxik huts egiten du igoerako bidean. Larunbatean, hilak 28, Baskoniari egin beharko diote bisita tolosarrek. Garaipena da helburu borrokatzen jarraitu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!