1512ko uztailean, Gaztelako armadak Nafarroako erresuma konkistatu zuen, eta 500 urteren ondoren, gogora ekarri nahi izan du hori, Tolosako Lizardi elkarteak. Herriko beste hainbat eragilerekin batera, egitarau oparoa osatu dute datorren maiatza osorako.
Aurkezpen agerraldian, Lizardiko antolatzaileek oroimen historikoaren garrantzia nabarmendu zuten: "Gaur egun bizi dugun egoera politikoaren sustraiak garai hartako konkistan errotzen dira".
Nafarroako konkistaren 500. urteurren hau ospatzeko, askotariko jarduerak antolatu dituzte. Horrela beraz, maiatzaren 3an, Jose Mari Esparzaren Mapas para una nación liburuan oinarrituriko erakusketarekin hasiko da egitaraua. Hitzaldiak, leku historikoetara ibilaldiak, dantza emanaldiak eta kontzertuak ere izango dira. Guztia maiatzaren 26rako prestatu duten egun osoko festarekin amaituko da: dantzariak, txarangak, erraldoiak, dultzaineroak, herri bazkaria, Larrain dantza nahiz kontzertuak izango dira.