Tolosaldeko turismo gastronomikoaren baliabide, sektore, produktu eta zerbitzu guztiak parte hartzea lortu nahi dute egitasmo horretan. «Esperientzia berriak sortuz eta eskaera segmentu berriak sortzeko ahalmena indartuz, egonaldiak luzatzea, desestazionalizazioa bultzatzea eta fluxuak eskualde osoan zehar banatzea» lortu nahi dute, Ilarregiren esanetan. Horretarako, turismoarekin eta gastronomiarekin lotura duten enpresekin kluba sortuko dute.
Aurkezpenean parte hartu dute Ibai Iriarte Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria eta Tolosako alkateak, Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, Roke Akizu Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak, Juan Manuel Lavin Arabar Errioxako ardoaren Ibilbideko lehendakariak eta Mariasun Saenz de Samaniego Ostatu upategiko arduradunak.
Iriartek turismoak eskualderako duen garrantzia nabarmendu du. Bestalde, turistek eskualdea bisitatu baino, «esperientzia bat bizitzea» eskaintzea lortu behar dela azaldu du, horretarako turismo eragile guztiak elkartuz. Horrez gain, eskualdeko eskaintza goraipatu du Iriartek.
Zorrilak, bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen enogastronomia bultzatzeko planaren berri eman du. Izan ere, Tolosaldean martxan jarri den plana, EAEn jarri denaren barruan kokatzen da. Zorrilak esan duenez, turistek gero eta gehiago emozioak bilatzen dituzte: «Esperientzia bat bilatzen dute. Desioek bultzatuta mugitzen dira». Horretarako euskal gastronomiak duen lidergoa nabarmendu du.
Akizuk foru aldundiak turismoa bultzatzeko eskualdeekin dituen hitzarmenak nabarmendu ditu, eta hauek indartu nahi dituztela.
Lavinek eta Saenz de Samaniegok Ardoaren Ibilbidearen inguruko azalpenak eman dituzte, Lavinek ekimenaren aldetik eta Saenz de Samaniegok ekimenaren parte hartzaile baten ikuspuntutik. Biek nabarmendu dute turismo eragileen elkarrekin batera aritzeak duen garrantziaz, eta helburua produktua bultzatzea dela: «Eskualdea indartzen den heinean, turismo enpresek onurak jasoko dituzte».
«Izugarrizko erronka da Turismo sailarentzat plan hau martxan jartzea»
Bide berri bati ekingo dio Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak. Bertako arduraduna den Olatz Ilarregik zehaztu duenez, gastronomia turismoaren sustapen planarekin sektoreko enpresekin hurbiltasuna formalizatuko dute.
Zer suposatzen du klub hori sortzeak Tolosaldeko turismoaren zabalkuntzan?
Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailarentzat plan hau martxan jartzea guretzako izugarrizko erronka da, eta lan egiteko moduan salto kualitatiboa da. Garapen agentzia bat gara, eta beraz, sektorearekiko hurbiltasuna behar dugu, eta egitasmo honekin hurbiltze hori formalizatuko dugu.
Zein izango da klubeko lana?
Produktu baten inguruko klub bat jarriko dugu abian. Modu horretara ez du eskatzen figura juridikoa duen erakundea sortzea. Beraz, kluben parte hartu nahi duenak bazkide egiteko aukera izango du. Orain arte, egitasmoak martxan jarri direnean, enpresetatik jasotzen genituen mezuak ziren ea zergatik hartzen zen bat edo bestea kontuan. Hemendik aurrera, metodologia ireki bat izango du, helburu eta plangintza batzuekin, eta egitasmoan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du.
Baldintza batzuk bete beharko dituzte?
Nahitaezkoak legearekin zerikusia dutenak izango dira. Horretaz gain, hainbat baldintza gomendagarri izango dira, kalitatearekin zerikusia dutenak, besteak beste. Adibidez, menuan bertako produktuak izatea. Gutxieneko batzuk beteta, klubaren parte izateko aukera izango du, hori da gure izpiritua. Hori bai, eskaera maila bat ere izango du. Urtero, gomendatutako baldintzen portzentaia bat betetzen joan beharko dira, klubeko bazkide izaten jarraitzeko. Guk emango dizkiogu erremintak, prestakuntza planak edo diru laguntzak nondik lortu, esaterako, bide horretan laguntzeko.
Turismoarekin lotutako enpresetan nola hartu da egitasmoa?
Nahiko harrera ona izango du ideiak. Hemendik aurrera, eta ekaina bitarte, joango gara bisitak eginez enpresetara, zehaztasunak emanez, eta ikusiko dugu zenbat joaten diren klubera atxikitzen.