Gipuzkoako informatika topaketa handiak seigarren edizioa egingo du aurten, eta jada marka berria hautsi du: 12 minutu eskasetan erreserbatu dituzte partaideek Tolosako Usabal kiroldegian ezarriko dituzten 400 eserlekuak, izen-emate epea ireki bezain pronto, hain zuzen ere. Gipuzkoa Encounterreko partaide leialenek urte osoa daramate ekitaldia iristeko zain, apirilaren 28tik 30era arte ordenagailuen munduan erabat murgiltzeko irrikan. Euskalamiga elkarteak koordinatzen du informatika festa, eta Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazioak antolatzen dute, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailaren (Spri-ren bitartez) laguntzarekin.
Parte-hartzaileek segundoko gigabyte bateko (1.024 Mb) abiaduran nabigatu ahal izango dute Interneten; hau da, nabarmen gaindituko dute etxeetan izan ohi den konexio-abiadura. Abantaila horrez gain, Gipuzkoa Encounter 6k aisialdi eta heziketa jarduera ugari eskainiko ditu. Horietako batzuk publikoari irekita egongo dira, eta doakoak izango dira.
Edizio honetako berrikuntza nagusi gisa, gailu mugikorrentzako Android plataformaren inguruko formazioa bultzatuko da, bi tailerren bitartez: hastapen mailakoa eta maila aurreratukoa. Horrela, izena ematen dutenek aukera izango dute informatikaren munduan hazteko ahalmen gehien duten alorretako batean trebatzeko, aditu baten eskutik.
Era berean, Tolosako Udalarekin elkarlanean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna indartzeko ekintzak jarri dira martxan. Kiroldegiko sarreran murala jarriko da, nahi duen orok hiru egunotan zehar bere ekarpena egin dezan. Halaber, Install Party ekimena antolatu dute, gure garuneko ohitura eta sinesmen matxistak "desinstalatzeko" eta buruan programa egokiak "instalatzeko".
Usabalgo jarduera nagusiak
Arte digitaleko lehiaketak egingo dira ordenagailu bidezko irudiak eta musika sortzeko,eta programazio jarduerak ere egongo dira. Gainera, bideojoko, software libre eta hardware lehiaketak izango dira; eta partaideei zein publiko orokorrari zuzendutako doako hitzaldiak eskainiko dira. Horren guztiaren osagarri, jokoak eta lehiaketa dibertigarri mordoa izango da.