Ez du faborito garbirik Olasagasti eta Zalduaren arteko aizkora apustuak

tolosa 2012ko apirilaren 20a

Parekaturik. Ez dago faborito argirik Joxe Mari Olasagasti eta Xabier Zaldua aurrez aurre jarriko dituen aizkora apusturako. Ikusmin handia sortu duela argi dago, izan ere, igandean 1.000 lagunetik gora espero dituzte Tolosako zezen plazan 12:00etan hasiko den desafioan.

Zumarragako aizkolariak 20 kanaerdiko ebakiko ditu, eta Igeldokoak, berriz, 22. Horretan datza igandeko apustuak, nork azkarrago bukatu lan hori. Lehen amaitzen duenak 6.000 euro irabaziko ditu, alde bakoitzak kopuru hori jarri baitu jokoan.

Azken hilabeteetan hainbat apustutan parte hartu du 34 urte dituen Xabier Zalduak. Azkena, Joseba Otaegi zizurkildarraren aurka irabazi zuen aizkora eta lasterketa batzen zituen proba.

Joxe Mari Olasagastik 53 urte ditu, beraz, hori litzateke lehendabiziko desberdintasuna. Zalduak gaztetasuna badu, ordea, Olasagastik eskarmentua du, makina bat apustu eta txapelketatan aritutakoa baita.

Bata eta bestearen ezaugarriak jakinda, badirudi zaleek ez dutela oso argi desafio honetan nor ariko den ondoen. Tomas Armendariz Kantabriko tabernaren jabeak azaldutakoaren arabera, apustuak «oso berdinduta» daude. «Giro oso polita eta garbia nabari da, adin guztietako jendea ari delarik bataren zein bestearen aldeko apustua egiten».

Faborito garbirik ez dagoen arren, Armendarizek argi du igandean «oso giro ona» nagusituko dela Tolosako zezen plazan. «Sarrera ugari ari dira saltzen, eta orain arte ikusitakoaren arabera, 1.000 lagunetik gora egongo direla dirudi». Igandekoa bezalako desafioak egun gehiagotara hedatu beharko liratekeela ere gehitu du: «Tolosa betidanik izan da herri kirolen hiriburu, eta gisa honetako aizkora proba gehiago antolatu beharko lirateke, San Joan jaietan, esaterako».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!