EAJren Uzturre Fundazioak komunikazio kanpaina bat martxan jartzea erabaki du hondakinen bilketaren inguruan, eta lehenengo ekimena XXI. mendeko zaborren kudeaketa izango du hizpide hitzaldi batean. Fundazioak azaldu duenez, «azken egunotan Tolosako herriak jakin du, Bilduren agindupean dauden Gipuzkoako 34 herritako udalek atez ateko bilketa sistema ezartzea erabaki dutela, tartean Tolosakoak». Kanpaina «egoera horren aurrean» jarri duela martxan zehaztu du fundazioak.
Hitzaldia bihar izango da, 20:00etan, Topic zentroko areto nagusian. Fundazioak dioenez, «garrantzitsua da herritarren iritzia entzutea eta kontutan hartzea», eta horregatik antolatu dute topagune hori. Bertara herritar guztiak gonbidatzen ditu. Bertan, «Europa eta Euskadiko zaborren kudeaketaren inguruko ikuspuntua eta zabor bilketaren ikuspuntu orokorra planteatuko da Garbiker-eko arduradun eta gai hauetan jakitun den Mikel Huiziren eskutik».
Tolosa, urtetan, «gaikako bilketarekin izan duen konpromisoarekin eredu izan da», azaldu du Uzturre Fundazioak: «Begiratu besterik ez dago bai bilketa eta bai trataera sistemak hobetzearren egin diren inbertsio guztiak». Urtetan diru kopuru handiak inbertitu direla esan du fundazioak, «zabor bilketaren hobekuntzan, azpiegituretan, lurperatuetan, garraio eta trataeran». Ekintza hauek «adostasunetik» eman direla aurrera gaineratu du fundazioak, eta «gero eta emaitza hobeak» lortu direla. «Bai instituzioak eta baita herritarrak ere, guztiok batera, sistemaren hobekuntzan lan egin dugu eta jarritako erronkak lortu ditugu», azaldu du.
Tolosako herritarrek «harriduraz» jakin dutela «komunikabideen bitartez, eta udal ordezkarien ezagupenik gabe», bilketa sistemaren aldaketaren berri, adierazi du fundazioak. «Inork eskatu ez duen sistema bat inposatu dute, eta irtenbidea baino arazo gehiago sortuko dituena», zehaztu du.