Larramendi Bizirik taldea sortu dute, «auzo elkarte bezala» aritzeko asmoz

Imanol Garcia Landa 2012ko apirilaren 10a

Larramendi Bizirik elkartea sortu dute Tolosan, Larramendiko auzotarrek osatua, Voith-Gorostidi eremuko etxebizitzak egin aurretik bizi zirenen eta auzora bizitzera joan berri direnen artean. Larramendiren urbanizazioaren inguruan, lurperatzea ez dela beharrezkoa eta «zerbitzuen aldeko apustu garbia» egiten dutela esan dute. Euren asmoa «auzo elkarte bezala» funtzionatzea da. Lehentasun bezala hartu dute «auzorako ahalik eta zerbitzurik onenak lortzea». «Elkartea sortu dugu, eta erregistroan izena eman dugu ere», gaineratu dute taldekoek. «Aurrera begira sortuko diren gaietan eztabaida eta hausnarketa gune izan nahi dugu», gaineratu dute.

Hasieratik garbi utzi nahi izan dute auzotarren artean sortutako taldea izan dela eta «interes politiko» ororen gainetik «elkarbizitza sustatzea» dutela helburu . Larramendi Bizirik elkartea sortzearen arrazoia «parte hartzearen afera» izan dela diote: «Auzotarrek erabaki ahal izatea benetan pozgarria da. Guztion artean erabakirik onena hartuko dugu auzoarentzat eta auzotarrentzat».   Bide horretan «bost teknikari eta arkitekto independenteek emandako informazioan» oinarritzen direla gaineratu dute. Tolosako Udalak bultzatu duen prozesua «benetan aukera garrantzitsua» dela esan dute: «Auzoen urbanizazioa udalek erabakitzen dutela kontuan hartuta, udalak auzotar guztien artean urbanizazioari buruz erabakitzeko aukera ematen digu, galdeketako emaitza errespetatuz. Gu horren alde gaude».

Lurperatzeak izango lukeen gastua, hau da, 2,5 milioi euro, «auzoarentzako zerbitzuak hobetzeko» erabiltzea hobesten dute: «Aukera hori izateko pribilegiatuak gara, krisi garaian zerbitzuetan inbertitzeko aukera dugu, eta beste auzoetan zer gertatzen den ikusita, argi daukagu Larramendi auzoan ez dela inbertsio gehiagorik egingo urte mordo batean». Gauzak horrela, aukera hori «orain edo inoiz» izango dela azaldu dute.

«Auzotarrak informatu»

Elkartearen helburu nagusia «parte hartze prozesura auzotarrak informatuta iristea» dela diote eta horretarako prestatzen ari direla: «Auzoan zer egin behar den erabakitzeko aukera dago, eta erabakia interes eta ikuspuntu politikoen gainetik hartu behar da». Udalak bultzatutako batzordean jarraitzen dutela azaldu dute, «nahiz eta Lurperatzearen Aldeko Larramendiko Taldeak batzordea utzi, beraien iritziz parte hartze prozesuari zilegitasuna ematea izango litzatekeelako. Larramendi Bizirik elkarteko kideok lanean jarraitu dugu auzotarren alde».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!