Hondakinen kudeaketarako lantaldea bildu da jada

Ataria 2012ko apirilaren 4a

Pasa den asteazkenean bildu zen lehen aldiz, Tolosako pleno aretoan, hondakinen kudeaketarako lantaldea. Beren helbururik behinena hiri hondakinen kudeaketa eta hauek jasotzeko sistemen inguruko informazioa jasotzea, eztabaidatzea nahiz iritziak elkarbanatzea da.

Ibai Iriarte alkatearekin batera, hainbat eragile izan ziren bileran: EAJ, Aralar, PSE-EE, PP, Ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Amarotz, Alde Zaharra, San Esteban Auzoa, Bidebieta, Bedaio, Urkizu, Monteskue, LAB, Tolosaldea Garatzen, EHNE, Tolosako Ingurumen Zentroa eta Tolosa Zero Zabor.

Datuak eta sistemak hizpide

Lehen bileran, Tolosako Udaleko ingurumen teknikariak eta Tolosaldeko Mankomunitateko teknikariak, Tolosako nahiz Tolosaldeko hondakin bilketaren datuak eskaini zizkieten bertaratuei.

Besteak beste, 2011. urtean Tolosako biztanle bakoitzak, etxean 351 kg hondakin sortu zuela azaldu zuten; %77a bideratu zuten zabortegira, eta %23a, berriz, selektiboki  jaso zuten. Hondakin hauen guztien artean, materia organiko konpostagarria, selektiboki bildu daitekeen materia eta errefusa bereizi zituzten; errefusa ezin da ez konpostatu, ezta birziklatu ere, eta hondakinen %10-20a osatzen du.

Honen aurrean, bitartekoari baino, helburuari garrantzia eman nahi izan zieten, lortu nahi denaren araberako bilketa sistemak proposatuz: batean, derrigorrezkoa da hondakinak sailkatzea, eta sortutakoaren arabera ordaintzen dute, urte bakoitzean poltsa kopuru bat banatuz; atez ateko sisteman, derrigorrezkoa da hondakinak sailkatze, hainbat modalitate dauden arren; konpostajea ere azaldu zuten, komunitarioa nahiz autokonpostajea; beste sistemetako bat, kontenedorea mantendu eta errefusa kubo grisetan astean behin jasotzearena da; azkenik, bosgarren kontenedorearen sistema azaldu zuten.

Finean, Tolosak bilketa sistema berri baten beharra duela azaldu zuten: «Hondakinen sailkapena erraztuko duena, eta dena poltsa batean nahastea zailduko duena»

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!