Larunbat honetarako hainbat jarduera antolatu ditu Tolosako Udalak, eta besteak beste, karakolak eta idiak izango dira protagonista. Astelena jatetxeko Peio Doyharzabal, Tolosako Udaleko Hasier De los Rios zinegotzia eta Alejandro Goya idien ordezkaria den Iñigo Luke izan ziren atzoko agerraldian, asteburuko jardueren aurkezpena egiten.
Goizean, larunbateroko merkatua izango da, eta Ostegun Santuan karakolak jatearen ohiturari eusteko asmoa izan dute antolatzaileek. Doyharzabalek azaldu duenez, Tolosan beti izan da Aste Santuan karakolak jateko ohitura: «Kanpotik azokara jende asko etortzen denez, pintxoak banatuko ditugu». Tradiziozko ohitura hau berreskuratze aldera, karakolak dastatzeko aukera izango da, beraz, Zerkausian, KM 0 ekimena Aste Santuko oporraldiarekin uztartuz. 2.500 barraskilotik gora prestatuko dituzte Astelena jatetxeko Peio Doyharzabalek eta Botarri jatetxeko Txemari Estebanek, eta 12:00etatik aurrera banatuko dituzte karakolen pintxoak, Zerkausira bertaratzen direnen artean.
12:30ean iritsiko da eguneko hitzordurik «bitxiena»: karakolen lasterketa. Iazko Aste Santuko oporraldian egindako lasteketaren arrakasta ikusita, udalak jarduera hau errepikatzea erabaki du, eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango du.
Antolatzaileek, lasterketara norberak bere barraskiloa eramatea gomendatu dute; dena den, Trianguloa plazan bertan karakolak izango dira, Tolosako Udalaren eskutik. Behin karakola izanda, parte hartzaileek identifikatu egin beharko dute beren barraskiloa, probarekin hasteko. Hiru zati izango ditu lasterketak; lehenengo sailkapenekin hasiko dira, finalaurrekoak izango dira gero, eta azkenik, finala egingo dute. Barraskilo guztiak ez dira mahai berean arituko; hiru mahaietan jokatuko dute proba, eta beraz, sei karakol iritsiko dira azken finalera.
Irabazleak bere saria jasoko du: Larraitzeko Txindokiko Itzala zuhaitz parkerako bi sarrera eskuratuko ditu. Era berean, bigarren sailkatuak Tolosa & Co merkatari elkarteko dendetan erosteko 50 euroko txartela izango du opari.
Idi proba herrigunean
Azkenik, arratsaldean idi proba erakustaldia izango da, Pablo Gorosabel edo Rondilla kalean. 17:30ean hasiko da proba, eta hiru idi bikote ariko dira norgehiagokan: Tolosako Alejandro Goya, Orioko Izeta eta Errenteriako Illarreta idiak. 22 metroko plaza izango da idiek zeharkatu beharko dutena, 20 minutuko proban. Jardueren aurkezpen ekitaldian Iñigo Lukek azaldu duenez, kintopeko idiak dira etorriko direnak; idi gazteak alegia, sekula apusturik egin gabeak. Hori dela eta, 1.200 kiloko harria eraman beharko dute arrastaka; ohi baino harri arinagoa.
Datorren hilaren 7rako antolatutako jarduerez gain, ordea, De los Rios zinegotziak gogora ekarri nahi izan zuen, Tolosaldeko turismo bulegoak ordutegi berezia izango dutela hilaren 5etik 9ra bitarte: 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara bitarte zabalik izango da.
Era berean, bisita gidatuak eskainiko dituzte. Batetik, Gorrotxategi Konfitaritza Museoa bisitatzeko aukera izango da Aste Santuko oporraldian, 10:00etan, 12:00etan, 16:00etan eta 18:00etan. Apirilaren 5etik 9ra bitarte Alde Zaharreko eraikin eta kaleak bisitatzeko orduak, berriz, honakoak izango dira: 11:00, 13:00, 15:00 eta 17:00.