EAJ: «Atez atekoa ez da inolaz erakutsi eraginkorragoa denik»

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 28a

Tolosako EAJ atez atekoa ezartzearen aurka azaldu da: «Sistema neurrigabea, norbanakoaren intimitate eskubidea erasotzen duena eta herritarrei eskatzen zaien sakrifizioaren aurrean, zalantzarik gabe askoz garestiagoa izateaz gain, ez delako inolaz erakutsi eraginkorragoa denik».

Sistema horrek herriaren garbitasunean eta itxuran «eragin ezkorra» duela dio alderdi jeltzaleak. Atez atekoa «atzera pausoa» dela gaineratu du EAJk: «Etorkizunak langileen lan baldintzak hobetzearen alde egitea eskatzen du, modernizazioa, automatizazioa eta eraginkortasunaren alde egitea, berriro zabor poltsak eskuz jasotzearen alde egitearen aurrean».

Birziklapena jendea «kontzientziatuz eta heziz» egin behar dela eta ez «inposaketa bidez» garbi du EAJk. Azken 10 urtetan egin den lanak «emaitza oso onak» eman dituela uste du eta horregatik «sistema hobetzearen aldeko apustua» egiten du, «bosgarren edukiontzia ezarriz eta zikloa errausketaren bidez energia berriztagarriak sortuz, Europako herri aurreratuenen bidetik».

Bestetik, ez diote «gardentasunik eta demokraziarik» ikusten gai horren inguruko erabakiak komunikabideetan argitaratzeari, «udalari dagozkion organo eskudundun eta legezkoetan aldez aurretiko analisirik, eztabaidarik eta erabakirik, egon ez denean».

EAJk uste du herritarrak direla «jarraitu beharreko bidea aukeratu behar dutenak», eguneroko bizitzan zein etorkizunari begira, «zuzenean eragiten dien gaia izanik». Eztabaida «sano, serio eta manipulaziorik gabeko» baten ondoren, nolako zabor bilketa sistema nahi duten erabakiko dutenak herritarrak izan daitezela eskatu du. «Ezinbestekoa da parte hartze prozesu bat abiaraztea», gaineratu du EAJk.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!