Hiri hondakinen inguruko lantaldea martxan jarriko du Tolosako Udalak. Hasieran lantaldean eragileek parte hartuko dute, eta, aurrera begira, herritarrekin lanketa egitea da asmoa. Horrela, Aste Santutik uda bitarte, hainbat tekniko eta aditu izango dira Tolosan, hiri hondakinen eta hauek jasotzeko sistemen inguruko informazio emateko. Egitasmoaren aurkezpena Ibai Iriarte alkateak, Hasier De los Rios Ingurumen zinegotziak eta Iñigo Muñoz ingurumen teknikariak egin dute.
Lantaldean parte hartzeko eragileak identifikatu ditu udalak. Horrela, alderdi politikoak, sindikatuak, auzo elkarteak, merkataritza eta ostalaritza sektorekoak, enpresak eta talde ekologistak izango dira informazio saio horietara joango direnak. Beste norbaitek parte hartzea nahi badu ateak irekita izango direla azaldu du udalak. Bestalde, saio horietan jasotako informazioa zabalduko duela gaineratu du.
Iriartek azaldu duenez, urtarrilaren 31ko osoko bilkuran adostutakoari erantzuna eman zaiola azaldu du. «Lantaldeak Tolosako gizarte eragileen zein herritarren bilgune izan nahi du», esan du alkateak, «guztiok hondakinen kudeaketari buruzko informazio teknikoa jaso eta elkar trukatzeko». Lantaldeak «modu iraunkorrean, parte hartze prozesu ireki eta zabal baten erdigunea» izan behar duela gaineratu du.
Prozesu horren bidez birziklapenaren aldeko «itun sozial zabala» lortu nahi dutela esan du Iriartek.