Tolosako Udalak hiri hondakinen gaia jorratuko duen lan taldea abian jarriko du

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 27a

Hiri hondakinen inguruko lan taldea martxan jarriko du Tolosako Udalak. Hasieran lan taldean eragileek parte hartuko dute, eta, aurrera begira, herritarrekin lanketa egitea da asmoa. Horrela, Aste Santutik uda bitarte, hainbat tekniko eta aditu izango dira Tolosan, hiri hondakinen eta hauek jasotzeko sistemen inguruko informazio emateko. Egitasmoaren aurkezpena Ibai Iriarte alkateak, Hasier De los Rios Ingurumen zinegotziak eta Iñigo Muñoz Ingurumen teknikariak egin dute.

Lan taldean parte hartzeko eragileak identifikatu ditu udalak. Horrela, alderdi politikoak, sindikatuak, auzo elkarteak, merkataritza eta ostalaritza sektorekoak, enpresak eta talde ekologistak izango dira informazio saio horietara joango direnak. Beste norbaitek parte hartzea nahi badu ateak irekita izango direla azaldu du udalak. Bestalde, saio horietan jasotako informazioa zabalduko duela gaineratu du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!