Rojo anaiek urrezko bi domina lortu dituzte Espainiakoan

tolosa 2012ko martxoaren 27a

Baqueira Bereten (Katalunia) lau egunez Espainiako iraupen eski txapelketan lehiatu ondoren, Ioseba eta Imanol Rojo anaiak urrezko bi domina lortuta itzuli dira Tolosara. Bi dominak erreleboka lortu dituzte.

Ostegunean, team sprint modalitatean, bi anaiek osatutako bikoteak irabazi zuen. Herenegun, errelebo mistoetan parte hartu zuten, eta hor ere lehen postua eskuratu zuten bi anaiek eta Maialen Lopez irundarrak osatutako hirukoteak. Ostiralean eta larunbatean banakako probak izan ziren, eta horietan ez zuten dominarik lortu, gutxigatik. Klasiko eran, Iosebak laugarren amaitu zuen eta Imanolek hamargarren postuan. Skating eran, Imanolek laugarren postua eskuratu zuen eta Ioseba, berriz, 15. iritsi zen.

Imanol Rojok azaldu duenez, «gustura» daude lortutako bi dominekin, baina norbanako probekin ez dira pozik geratu: «Dominaren bat lortzea espero genuen, baina ni birus batekin nabil azken hamabost egunetan eta ezin izan naiz nahi bezala aritu. Ioseba ere ez da forma onenean iritsi txapelketara». Imanol pozik dago, norbanako probetan lehen postuan amaitu dutenen kontra irabazi dutelako errelebo mistoan: «Euskadiko selekzioa ordezkatu dugu, eta kataluniarrak izan ditugu aurkari zuzenak. Parean aritu ginen, baina, azkenean, 19 segundorengatik irabazi genuen proba».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!