Datorren martxoaren 31n, urteroko dantzari txiki eta erromeria eguna izango da Tolosan, Udaberrik antolatuta. 2007ko 50. urteurrena girotzeko, eta euskal dantza eta musika herritarrei gerturatzeko asmoz, Udaberri dantza taldeak orain dela 8 urte antolatu zuen lehenengoz, erromeria. Bere hastapenetan, Abastos eraikinean izaten zen afaria, eta taldeko kide nahiz kide ohiek parte hartzen zuten. Urteen poderioz, ordea, indarra hartzen joan den festa dela azaldu dute Udaberriko kideek, eta azken hiruzpalau urteotan, 120 lagun inguru bildu izan dira Zerkausian afaltzen.
Dantzari txikiarekin, berriz, urte bete beranduago hasi ziren, belaunaldi gazteenek kalean dantza egin zezaten, beste herrietako dantzari txikiekin batera. Aurten, martxoaren 31n izango da hitzordua.
Udaberri dantza taldearen ibilbide luzean, hasiera-hasieratik, «euskal kultura ezagutzea, berreskuratzea, zaintzea eta zabaltzea funtsezko kontzeptuak» izan direla diote antolatzaileek. Horrela, helburu hauek egungo errealitatera egokituz, bi ekitaldiak, erromeria eta dantzari txikien festa, bateratzea otu zitzaien.
Dantzari txikien jai erraldoia
Gaztetxoenen festa goizean goiz hasiko da, urteroko moduan. 11:00etan, Plaza Zaharrean elkartuko dira Euskal Herri osoko txokoetatik etorritako dantzariak, Tolosakoekin batera. Gipuzkoatik, Errenteriako Ereintza dantza taldea etorriko da; Bizkaitik, Galdakaoko Andra Mari; Araba aldetik, berriz, Eguzkilore eta Adurtza talde gasteiztarrak izango ditugu gurean, eta Hendaiako Akelarre dantza taldeak ordezkatuko du Ipar Euskal Herria.
Guztira 350 neska-mutil ibiliko dira goizeko kalejiran. Batzuk Alde Zaharreko kaleak girotuko dituzte, eta besteak, berriz, San Frantzisko pasealekuko inguruetan ariko dira dantzan. Eguerdian, Plaza Berrian elkartu eta gero, haur guztiek Tolosako eta inguruko elkarteetan bazkalduko dute. Modu honetara, dantza taldeetako gaztetxoek elkar ezagutzeko aukera izango dute. Udaberriko arduradunek, bazkarirako ikasleen gurasoek eskaini dieten laguntza eskertu nahi izan dute. Arratsaldean, emanaldia izango da Plaza Berrian, eta talde bakoitzak 10 minutuko saioa eskainiko die bertaratuei. Eguraldi txarra egiten badu, aipatutako jarduerak Hirukide Jesuitinen frontoian egingo dituzte.
Dantzarako aukera
Iluntzean, helduen txanda iritsiko da triki-txaranga-poteoarekin. 19:45ean elkartuko dira Plaza Zaharrean, eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira, plazaz plaza geldialdiak eginez. 21:30ak inguruan, afaria izango da Zerkausian. Afarirako txartelak Orbela, Raku, Ikatza eta Denak tabernetan daude eskuragarri 16 euroren truke, eta hilaren 30a izango da hauek erosteko azken eguna. Udaberriko kideek, erromeriara bertaratzen direnei euskal jantzi tradizionalak janzteko deia egin diete, «erromeria giroa are hobea izan dadin».
Afalondoan Emepebost erromeria talde eibartarrak girotuko du Zerkausia; oinak eta eskuak astintzeko unea iritsiko da. «Herritar guztiak animatu nahi ditugu, euskal giroan larunbat iluntze eta gaua pasa ditzaten», nabarmendu dute antolatzaileek.